Astearte eta asteazkenetan batzen dira Josi Ta Josikoak udaletxeko hirugarren solairuan lanerako, eta, ekimen horren harira, beste zenbait herritar ere batu zaizkie. "Denak dira ongietorriak hemen", zehaztu du Dorleta Lazarobasterrek, In Leike elkartekoak.
Itziartik ekarri dute ideia. "Han ikusi, gustatu, eta proposatu egin nuen taldean", azaldu du. Beste jende batekin elkartu, esperientziak trukatu eta komunitatea indartzeko helburuarekin sortu zuen In Leike kultur elkarteak Josi Ta Josi taldea bera ere, eta ekimen horrekin ere horixe dute helburu, hein handi batean: ekimen baten bueltan herri bat batzea, herrigintzan eragitea. Baina egiteko horretan beste helburu bati ere erantzungo diote: birziklatzeari: "Orain arte Udalak jartzen zituen banderatxoak plastikozkoak izaten ziren, eta askok bukatzen zuten apurtuta, lurrean nahiz errekan. Hori ere saihestuko dugu".
Mendaroko eskolako zuzendaritzari, ludotekako eta gaztelekuko arduradunei eta Gazte Asanbladakoei ere aurkeztu diete ekimena In Leikeikoek, eta batu dira haiek ere proiektura. Oihalak inguratu eta In Leikekoek sortutako ereduaren arabera moztea izango da haien lana, hein handi batean, josteko ardura Josi Ta Josikoek hartu dutelako momentuan beren gain, baina nabarmendu dute taldean zabalik dutela atea lagundu nahiko luketen guztiak hartzeko. Kartelak jarri dituzte kalean; bereziki, oihal eske. "Etxean botatzeko dauzkazuen kotoizko kamisetek, izara maiztuek… denek balio dute, zuri-zuriak ez baldin baldira, behinik behin, herriari kolorea ematea baita kontua", zabaldu dute beren webgunean ere. Oihalak jasotzeko hiru leku zehaztu dituzte: Leire jantzi-denda, Morroskillo estankoa eta Roteta janari-denda; eta pozik daude momentuan izan duten erantzunarekin.
Bideo hau grabatzera joan ginen egunean, udaberriko oporraldi aurretxoan, dozena bat lagun topatu genituen lanean udaletxean. Eraikinean sartzerako sentitu genuen josteko makina hotsa eta berbaroa. Gela batera bilduta zeuden goian jostunak, eta harrerako gelan, oihalak neurrira mozten eta parekatzen ari zirenak. Emakumeak ziren bat ez beste guztiak. 9 urtekoa zen gazteena eta 76 urtekoak bi edadetuenak. Antton Igerategi zen gizonezko bakarra egun hartan, eta klariona hartuta zebilen oihalak markatzen, taldeko gaztetxoenek moztu zitzaten. Mahaian batutako oihal tontorretik ondo ezkontzen zirenak aukeratzen ari ziren beste lau bat lagun, orratzak jarrita, jostunei pasatzeko.
Erronka handia da beren buruari jarri diotena eta jakin badakite asko uste gabe iritsiko dela aurten ere uztailaren 24a, baina ez ditu horrek estutzen. "Aurtengo, ahal duguna egingo dugu, eta ezin badugu helburua osatu, datorren urterako amaituko dugu", esan zigun Marije Arakistainek, taldeko beteranoetako batek. Ezin esan, baina, martxa txarra daramatenik. Grabazio egunean, 200 josi zituzte bi orduan, eta gaztetxoenak, behintzat, sinistuta zeuden lortuko dutela.