Sevillako leku turistikoenak bisitatu dituzte batzuek, tabernarik zokoena ere ikusi dute beste zenbaitek eta zaleentzat egokitutako gunetik pasatu dira denak, gaur. Kanpoan ohi denez, herrikoak herrikoengana gerturatzeko ahalegina ere egin dute, partidaren aurrekoa elkarrekin gozatzeko. Izan dira, Jon Insausti Donostiako alkatearekin argazkia egin dutenak ere. Gaxan eta Iker Maiora anaiek eta Maialen Larrañaga soraluzetarrak atera dute harekin argazkia, eta nork daki, akaso Donostian astelehenean egitekoak diren ospakizunetarako leku pribilegiaturen bat eskatzeko aukera ere izango zuten, nahiz ilara luzea izango den horretarako seguruena.
Donostiako alkatearekin ez ezik herrikoarekin ere egin dute argazkia, Sevillan baita Mendaroko alkatea ere, Realak gonbidatuta. Gipuzkoako alkate guztiak gonbidatu ditu gaurko finalera Realak, eta mendaroarrek bidalitako argazkietan, Soraluzekoa ere ikusi dugu kalean soinua jotzen. Ordu honetan Cartujara bidean dira mendaroarrak, sarrera eskuratuta joan baitira denak. Errege Kopa irabaztea historikoa izango da Realarentzat, baina partidan gertatzen dena gertatuta ere, nekez ahaztuko dute gaurko eguna realzaleek.