Zabaldu dute Mendaron jaietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea

Ainara Argoitia Arano 2026ko apirilaren 22a

Mendaroko Udalak lehiaketa antolatu du santanak iragartzeko kartela sortzeko. Mendaron erroldatutakoek bakarrik parte hartu dezakete lehiaketan eta maiatzaren 29a arteko epea dute lanak aurkezteko. 

Pertsona bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, jatorrizkoa eta beste inon argitaratu gabea. Kartelak sortzeko, teknika librea erabili ahal izango da, baina hiru baldintza bete beharko dituzte gutxienez lehiaketarako lanek: batetik, A3 formatoan egindakoak izan behar dira kartelak eta, bestetik, formato bertikalekoak. Era berean, honako testu honek azaldu beharko du derrigor kartelean: Mendaro Santana jaiak 2026. Uztailak 18  19-24-25-26. Testu osagarriren bat gehitzekotan, testu horrek euskaraz idatzia egon beharko du. 

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 29a izango da, eta udaletxean entregatu beharko dira, Kultura Sailean. Kartelean ezingo da izenik eta norberaren bestelako daturik jarri, soilik goitizena, atzeko aldean. Norberaren datuak gutunazal itxi batean laga beharko dira kartelarekin batera. Hor zehaztu beharreko datuak honako hauek dira: izen-abizenak, telefonoa, nortasun agiriaren zenbakia eta kartelean jarritako goitizen bera. 

Irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du, baina Udaletik zehaztu dute kopuru horri dagokion zerga araudia aplikatuko diotela. 

Saritutako lana Udalaren jabetzakoa izango da gero. Gainerako guztiak uztailaren 17a aurretik jaso ahal izango dira udaletxean,  Kultura Sailean. Argibide gehiagorako: mendaro.eus.