Hiru eguneko pintxo dastaketa antolatu du Mendaroko Udalak ostalariekin batera. Gaur hasi eta igandera bitartean, propio dastaketarako sortutako pintxoak emango dituzte herriko lau tabernatan: Aitzbeltzen, Ormolan, Txirristakan eta Uztargin. Gaur, 19:00etan hasiko dira pintxoak eskaintzen, eta herritarrek 21:00ak arte probatu ahalko dituzte beren-beregi egunotarako sortutako mokaduak. 19:00etan, gainera, Joselontxos txarangakoek kalejira hasiko dute Ormola parean, eta tabernaz taberna arituko dira jotzen. Bihar eta etzi, berriz, eguerdi partean egingo dute dastaketa, 12:00etatik 15:00etara.
Aurreko urteetan bezala, bozketa ere antolatu du Udalak. Herritarrek beren gustuko pintxoa zein izan den aukeratu ahal izango dute, tabernetan jarriko diren txarteltxoak beteta, eta parte hartzen duten guztien artean bi sari zozkatuko ditu Udalak. Zozketako irabazleak Landa erretegian bi lagunentzako bazkaria irabaziko du, 200 euroko balioduna. Bigarren sarituak, berriz, Luzaide tabernara debalde bazkaltzera joateko txartela irabaziko du. Bi lagunentzako bazkaria izango da Luzaidekoa ere, 100 euroko balioduna.