Duela hamar urte sortu zuten Gararock Mendaron, herriko “kultura-agendan zegoen hutsunea bete, rock musikari zor zitzaion lekua eman, eta, musikari nahiz herritarrei, kalitatezko programazioa eskaintzeko” asmoz. Geroztik hazi eta hazi joan da jaialdia eta sona ere hartua zuen dagoeneko musika jaialdien mapan. Herri bati zor dio hori jaialdiak, antolatzaileen esanetan, “mimo eta kontu handiz” zaindu duten guztiei. Horregatik guztiagatik, asko kostata hartutako erabakia izan dela azpimarratu dute.
Ez da, beraz, jaialdi handirik izango irailean, baina ez da behin betirako agurra ere. Aurtengorako esan dute beste era bateko kontzertuak egitea dutela erabakia, “horrenbesteko antolakuntza eskatzen ez digutenak, eta era berean, barruan dugun musika-harra elikatzen lagunduko digutenak”. Ez dute gehiagorik aurreratu, hala ere: “Etorkizunera begira, ikusiko dugu etenaldi honetatik indarberrituta ateratzen garen, edota beste norabide bat hartzen duen jaialdiak, auskalo”.
Oharra eskerrak emanez amaitu dute. Honelaxe diote esker on berbek: “Bidean lagun izan zaituztegun guztiei eskerrak eman nahi genizkizueke; hor egon baitzarete beharrezko izan den momentu oro, boluntario edota entzule bezala. Eskerrik asko guztioi, zuek gabe ez baitago jaialdirik. Besarkada handi bat guztiontzat. Gora Gararock!”
