Jokin Urain Larrañaga hil da, idazle eta preso ohi mendaroarra

Ainara Argoitia Arano 2026ko apirilaren 26a

Jokin Urain Larrañaga Kixkur (Mendaro, 1959) hil da, idazlea eta preso ohia.

Mendaroko Alkorta baserrian jaio zen Urain 1959an, eta Lasturren, Itziarren, egin zituen oinarrizko ikasketak. Ondoren, Donostiako Zabalegi Nekazaritza Eskolan jarraitu zituen ikasketak eta nekazari gisa egin zuen lan. ipar Euskal Herrira egin zuen gero ihes, eta hiru urte geroago, 1986an,  atxilotu zuten Basaurin, ETAko kide izateagatik. 27 urte egin zituen preso gero, kartzelaz kartzela, harik eta 2013an libre utzi zuten arte. Hain justu ere, denbora horretan idatzitakoak ditu argitaratutako liburu eta lan gehienak: Izaina (Amnistiaren Aldeko Gestorak, 1990), Adlotse (Txalaparta, 1992), Gatibu sortu nintzen (Susa, 2000), Errotarria (Susa, 2006) eta Ez dago etxean (Susa, 2010).

Aitortu izan zuen bizi nahiaren bultzadak eraman zuela idaztera. Halaxe zioen, esaterako, 2015ean Ander Perez Argotek BERRIA egunkarirako egindako elkarrizketan: “Ihes egiteko modua da sorkuntza. Badago kartzelako errealitate absurdo eta irensgarri horretatik, nola edo hala eraitsiko zaituen horretatik ihes egiteko beharra. Baina ez da sarri aipatu izan den ihes fantasiazkoa bakarrik; badago ihes egin nahi erreal eta fisiko bat ere. Norbere irudimenaren ahalmenaren araberakoa da hori; gero, sormenera edo prestakuntzara bideratzen da”.

Kartzelatik irten ostean ere idazten jarraitu zuen, baina, Urainek. Iritzi emaile jardun zen komunikabideetan eta euskal pentsamenduari eta memoriari eskainitako beste lan batzuk ere argitaratu zituen, besteak beste honako hauek: iheslari eta erbesteratuen ahotsak eta esperientziak biltzen dituen Ametsen liburua (2015); Amaren Etxea. Euskal preso politikoen senideen historia (2018), Txomin. Aurrera bolie (2021). Era berean, bertso idatzien egile gisa ere nabarmendu izan zen, eta hainbat sari ere jaso zituen, besteak beste, Algortako Bertso Eskolako lehiaketan lehen saria, 1989an.