Hilean behin elkartzen dira helduen irakurketa klubekoak liburutegian, eta bihar dute apirileko saioa. Komiki liburu bat aztertuko dute oraingoan: Maus komiki historikoa. Nazien sarraski-esparruetatik bizirik irtendako judu poloniar baten biografia da Maus. Gizon hori Vladek Spiegelman deitzen da, eta haren semeak kontatzen du historia, komiki formatoan. Hitlerren menpeko Europan milioika lagunek jasan zuten jazarpena da liburuko gaia, bai eta sufrimendu hark ondorengo belaunaldien eguneroko bizimoduetan eragindako ondorioak ere. Kontatzeko modua da berezia, eta Pulitzer saria jaso zuen horregatik Art Spiegelmanek. Komiki batek Pulitzerra jaso zuen estreinako aldia izan zen.
17:30ean hasiko dute biharko saioa, eta Asier Serrano idazleak gidatuko du, ohi legez. Hurrengo saioa, berriz, maiatzaren 13an egingo dute, eta Begoña Lizarren Mundu zitalaren kontra liburuaz arituko dira.