Jubilatuen egoitza eta taberna handitzeko obrak onbideratzeko bidea hasi du Mendaroko Udalak

Ainara Argoitia Arano 2026ko apirilaren 30a

Jubilatuen taberna eta egoitza handitzeko obrak geldirik daude denboran, arazo batzuk eta aurreikusi gabeko kontu batzuk tarteko, eta proiektua aldatu beharra izan dute. Udalbatzaren astearteko osoko bilkuran, baina, kontratua aldatzeko prozesua hastea onartu zuten aho batez. Argazkia: Artxibokoa, proiektua aurkezteko egindako bilerakoa.

Joan den azaroaren 17an hasi zituzten lanak Jaizubi enpresakoek, eta zortzi hilabeteko epean zituzten amaitzekoak, baina obrak gelditzeko arrazoi izan diren eragozpenak eta ustekabeko kontuak izan dira tartean, eta proiektua moldatu egin behar izan dute. Sukaldeko kanpaiaren keak bideratzeko hodia barrualdera ematen duen patiotik atera nahi zuten, eta hala aurkeztu zieten lehen bilera batean bizilagunei, baina, gerora, kontra azaldu dira bizilagunen batzuk, eta hori izan da, hein handi batean, obra gelditzeko arrazoia. Bestetik, baina, hasierako proiektuan "aurreikusi gabeko kontu batzuk" edo "guztiz lotu gabeko kontu batzuk" ere azaldu ziren behin Jaizubikoak lanean hasi zirenean, eta haientzako irtenbidea ere jaso dute proiektu berrian. Martitzeneko udalbatzaren osoko bilkuran onartu zuten kontratua aldatzeko prozesua hastea, aho batez, eta luze gabe hasi nahiko lituzkete berriro obrak. Aurrez, baina, osoko bilkuratik pasatu beharko du berriro gaiak, proiektuaren zenbatekoagatik. BEZ barne, 690.000 euroko aurrekontua onartu zuten bere garaian obra horretarako, baina, proiektu aldaketarekin, 760.000 euro da orain zenbatekoa.