Zein izan zenuten Euskal Herrira etortzeko arrazoi nagusia?
Gure herrialdean bizi genuen segurtasunik eza, beldurra. Gasolindegi batean lan egiten nuen, Montevideon, eta Uruguai utzi aurretxoan tiroketa bat izan genuen lantokian. Nire senarrak, berriz, elikagaiak banatzeko enpresa bat zeukan eta hiru hilabetean lapurreta ugari egin zizkioten. Irteten zen goizean lanera, eta ez nuen jakiten itzuliko zen ere, han bizitzak sakelako telefono batek baino gutxiago balio duelako batzuentzat. Ezin ginen egoera hartan bizi; are gutxiago, seme txiki bat izanda. Etorkizun hobea eman nahi nion semeari, eta, kostata, baina hartu genuen erabakia.
Eta nolatan aukeratu zenuten hona etortzea?
Ez ginen zuzenean hona etorri. Uruguaitik Eivissara (Herrialde Katalanak) jo genuen, han bizi zelako ordurako nire neba zaharrena. Hark aholkatu zigun hara joateko. Lana erraz topatuko genuela uste zuen gure nebak, aukera ikusten zuen, baina usteak ustelak gertatu ziren. Eivissan, gainera, oso garesti dago bizitza. Aurrezkien erdia xahutu genuen etxearen alokairuan hilabete gutxiren buruan, eta oso egoera zailean gelditu ginen. Egun batean, senarrak hauxe esan zidan: "Joana, beste zerbait asmatu behar dugu. Ezin diogu honi eutsi". Hain geunden larri, senarrak lanetik ezagutzen zuen emakume bati deitu behar izan zion, gure egoeraren berri eman eta laguntza eskatzeko. Hark bidalitako diruarekin egin genuen aurrera [Hunkitu egin da gogoratze hutsarekin]. Eta urte berean hemen amaitu genuen, Mendaron, kasualitatez. Lagun batzuek esanda etorri ginen hona, haiek topatu ziguten etxea ere, eta bizitza aldatu zitzaigun hemen. Goizetik gauera lan egin nuen bi urte eta erdian, eta egun askotan goizean ikastolara sartzeko unean baino ez nuen ikusten semea, baina ez daukat damurik; egoera hartan ere, Uruguain baino hiru aldiz hobeto bizi ginelako hemen. Goizaldeko hirurak arte lan egiten nuen tabernan, baina lana amaitutakoan lasai etxeratu ahal izate hori edo semea adinkideekin kalean jolasten ikustea gauza handia ziren niretzat.
Montevideotik Mendarora. Aldaketa handia izan behar du horrek!
Aldaketa izugarria, baina onerako denean, erraz ohitzen da bat, hasierak oso diren arren zailak. Zorionez, nik neuk berehala topatu nuen lana; senarrari gehiago kostatu zitzaion. Hori bai, eskolatu genuen semea, eta negarrez etortzen zitzaigun egunero etxera, Uruguaira itzuli nahi zuela esanez, ez zuelako ezer ulertzen. Gehitu horri nik neuk ez neukala denborarik haren ondoan egoteko. Gogorra da oso, benetan. Eta erabaki nuen eguerdietan euskara eskoletan izena ematea, semeari laguntzeko. Erakutsi nahi nion ni gai banintzen hark ere ikas zezakeela eta elkarrekin lortuko genuela. Eta asmatu nuen. Gaur, nire semea erabat bertakotuta dago, eta ni ezin naiz harroago eta pozago egon. Askotan esaten diot egiteko euskaraz lagunekin, hizkuntza menderatzea oso lagungarri izango zaiolako eskolarako eta bizitzarako, oro har.
Harrera-herri gisa nolakoa da Euskal Herria?
Ba, begira, Marcosi mila aldiz esan diodana esango dizut: sekula ez naiz kanpoko sentitu hemen. Sorterriaz asko gogoratzen naiz, jakina, baina hemen maitasun handia sentitu dut, eta asko lagundu didan jende asko tokatu zait inguruan. Virgilio [Guano] eta Marcia [Plasencia] senar-emazteengandik hasita. Haiek izan ziren laguntza eskaini ziguten lehenengoak Mendaron, eta Saioa ere aipatu nahi nuke [Andonegi, lan egiten duen dendako ugazaba]. Dendarako hartu ninduen, barneratu egin nau hemengo kulturan, eta, denda plazan bertan egonda, semea ere gehiagotan ikusten dut orain. Senarra ere lanean dabil gaur, eta, horri guztiari esker, denbora gehiago ere badaukat etxeari eta familiari eskaintzeko.
Zer esango zenuke Mendaroz?
Zerbait nabarmendu beharko banu, mendaroarrek duten gizatasuna nabarmenduko nuke. Eta ez pentsa lausenguz ari naizenik; hori sentitu dut nik. Eskuzabalik hartu ohi dute lanerako gogoz datorrena hemen. Nik beti esaten diot gauza bera semeari ere: norberak gauzak ondo egiten baditu, norbera saiatzen bada, bizitzak modu berean erantzuten du. Hizkuntzarekin gauza bera ikusi dut. Ni ez naiz ondo moldatzen euskaraz hitz egiteko, baina konturatzen naiz dakidan apur hori egiten dudanean jendeak asko eskertzen duela, eta garbi daukat, gainera, niri hori egitea dagokidala. Gu geu etorri gara hona eta geuk egin behar dugu ahalegina hona egokitzeko. Egia esango dizut: nik ez daukat Uruguaira itzultzeko asmorik, familia ikustera ez bada, behinik behin. Nire bizitza hemen dagoela sentitzen dut, eta semea, berriz, mendaroarra sentitzen da %100.
Herrian erreferentziazkoak diren denda batean eta taberna batean egiten duzu lan. Horrek berak ere lagunduko du herria hobeto ezagutzen, ala?
Tabernari hasi nintzen hona iritsi berritan, eta barra atzean lan egiteak ate asko zabaldu zizkidan. Bezero nituenen etxe batzuk garbitzen ere aritu nintzen, eta gaur ere joaten naiz oraindik adinekoren bat edo besteren etxeetara, baina laga samartuta daukat hori.
Ba al duzu hemen bereziki gustuko duzun zerbait?
Dena gustatzen zait. Leku batean pozik bizi zarenean, nekez ikusten da txarrik. Baina esango dizut, hara: hunkitu egiten naiz Bulego taldearen musikarekin eta izugarri gustatzen zait Mendaron ospakizun guztietan dantzatzen duten Txapeloaz dantza. Santanak ere mundialak dira. Gogoan daukat lan egin beharrik izan ez nuen urte bakarrean semeak nola esan zidan: "Ama, dantzatuko dugu aurten biok Txapeloaz?". Hunkitu egin nintzen, eta han ibili ginen etxean Youtube jarrita dantza ikasten, aukera sortzen zenerako. Eta duela bi urteko santanetan, berandu baten lehertuta etxera gindoazela, hasi ziren erromerian hori jotzen, eta han batu ginen biok plazara. Sekula ez dut ahaztuko momentu hura. Hain ederra izan zen semearekin hori bizitzea...
Mendarok herri izaera lortu zuen urte berean jaioa zara. Bazenekien?
Bai, esana didate. Ez nekiena zen nire abizenak euskal jatorria zuena. Euskara irakasle izan nuenak esan zidan. Eta zer da, eta duela asko ez zela osabak aitortu zidan arazoak izan zituela behin banketxe batean Laurencena abizenarekin, z-rekin zela esaten ziotelako. Hasi omen zen orduan gure lehengusua Interneten azterka, eta halaxe jakin zuen osabak bere birraitona nafarra izan zela. Argentinara emigratu zuen gaztetan gizon hark, eta han ezagutu zuen gure aitaren birramona izan zena. Beraz, euskal sustraiak ditut neuk ere. Ez al da polita!