El arte paleolítico en el valle de Deba y su entorno regional izango du izenburua, eta Euskal Herriko, Asturiasko eta Kantabriako kobazulo askori buruz arituko dela aurreratu dute antolatzaileek, EHUko arkeologoek eta Suharri elkarteko lagunek. Haien esanetan, aurkikuntza klasiko nahiz berriek testuinguru aberatsa eta askotarikoa markatu dute gure inguruan, eta nabarmen aldatu da hori Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian prospekzioak dinamizatu direnetik. Izan ere, 2005etik gaur arte hirukoiztu egin da Bizkaian labar artea duten kobazuloen kopurua, eta boskoiztu Gipuzkoan. Azkena egin diren aurkikuntzen artean kokatzen dituzte Mendaroko Agarre eta Santakrutz kobazuloetan topatu dituzten margoak, eta, hain justu ere, azterketa-lan horien inguruko argitalpena prestatzen dihardu orain Cesar Gonzalez Sainzek.
Paleolito garaiko labar artean Kantauri aldeko erreferentziazko aditua da Gonzalez Sainz, eta diziplina horretako ikerketa-lan nagusietan parte hartu izan du azkeneko berrogei bat urtean. 150 bat urteko epean topatutako barrunbe ugari berraztertzeaz batera, eremu berrietako prospekzio-lanetan parte hartu izan du, eta aurkikuntza berrietan ere lagundu du. Hain justu, urte asko daramatza Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko ikerketa-taldearekin elkarlanean, eta talde horretakoek zein Suharri elkartekoek aitortu dute "ohore handia" dela haientzat Cesar Gonzalezek Mendarora etortzeko proposamena onartu izana.
Zikloko azken hitzaldia, Mendaron, maiatzaren 14an
Arkeosaioak zikloko hirugarren eta azken hitzaldia maiatzaren 14an izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Esparru domestikoa Frankismo garaian. Garaiko analisi arkeoetnografikoa izenburua izango du, eta Kristina Pozo Sevilla lodosarrak emango du. Aurrekoak ez bezala, euskaraz izango da zikloko hirugarren hitzaldia.
'Gipuzkoa goipaleolitoko pasaleku' izenburuko hitzaldia, Bergaran
Mendaron azken urteetan egin diren aurkikuntzen berri emango du Alvaro Arrizabalaga Valbuena (Oñati, 1965) EHUko katedradunak eta Historiaurreko Ikerketa Taldeko buruak maiatzaren 8an, Bergaran. Gipuzkoa goipaleolitoko pasealeku izenburua izango du hitzaldiak eta Irizar Jauregian egingo du, 19:00etan hasita. Hitzaldi osterako afaria ere lotu dute, hizlariarekin, Umore-Ona elkartean. Afaritarako, baina, izena eman behar da aurrez 610 28 97 48 telefonora deituta edo labroake.eus/hitzaldi-afariak helbidera idatzita.