Ostiralean, maiatzaren 8an, banatuko dituzte Mendaron Errigorako produktuak

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 5a

Martxoaren erdialdean bukatu zen aurtengo Eskutik Eskura kanpainan eskaerak egiteko epea, eta dagoeneko hasita daude Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko produktuak Euskal Herriko herri eta auzoetan banatzen. Mendaron, ostiralean, maiatzaren 8an, egingo dute banaketa, udaletxeko arkupeetako ate berdean, 18:30etik 20:00etara.  

Eskutik eskura kanpainaren balorazio ona egin dute Errigoratik. Nabarmendu dute hamarretik zortzi eskatzailek urtero-urtero errepikatzen dutela, eta urtero bi eskatzaile berri gehitzen direla ekimenera. Horrek agerian uzten du kontsumoa eraldatzeko bidean kanpaina honek egiten duen ekarpena. Horregatik, Errigoratik eskerrak eman dizkiete ekimenean modu batean edo bestean lagundu duten guztiei: "Kontsumo ohiturak aldatuz, herria egiten ari gara. Eskerrik asko elikadura burujabetza hautatu izanagatik". Mendaron, hogei bat eskatzaile izaten dira urtero, eta batez beste 200 euroko gastua egiten dute.