Salgai daude dagoeneko Mendaroko Mendi Eguneko bazkaritarako txartelak

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 5a

Mendi Eguna maiatzaren 30ean izango dela iragartzeaz batera jarri dituzte salgai egun horretan egingo duten herri-bazkarirako txartelak. Arno guraso elkarteak, Lizarpe Mendi Klubak eta Udalak antolatu dute Mendi Eguna, bigarren urtez jarraian, eta bazkaritarako txartelak Coviran dendan eskuratu daitezke. 

Bi ibilbide proposatu dituzte egun horretarako, biak ere Kilimon Trail mendi lasterketakoak. 23 kilometrokoa da ibilbide luzea, eta 11 kilometro ingurukoa, motza, eta bi irteera-ordu zehaztu dituzte. Luzea egin nahi dutenak 07:00etan abiatuko dira Herriko Enparantzatik, eta motza egin nahi dutenak, 09:30ean, leku beretik. Hori bai, luzea egin nahi dutenentzat baldintza bat ere zehaztu dute antolatzaileek: 14 urte beteak izatea. Iaz bezala, Mendi Eguna egun osoko jaia izatea nahi dute antolatzaileek, eta horretarako, herri bazkaria ere antolatu dute. Frontoian egingo dute bazkaria, eta joan nahi duenak txartela erosi beharra dauka aurrez. Coviran dendan jarri dituzte salgai, 15 euroan helduenak, eta 10 euroan umeenak.

Bazkalondoren, sariak banatuko dizkiete Arnok antolatutako mendi irteeretan parte hartu duten umeei.