Zer helbururekin antolatu duzue frontenis txapelketa?
Herrian giroa sortzeko antolatu dugu, udako egitarau beteago baten barruan. Momentuan ez daukagu egitarau osoaren berri ematerik, ekintza batzuk guztiz lotu gabe dauzkagulako, baina aurreratu diezazuket askotariko ekintzak izango ditugula, hala nola kontzertu akustikoa, mago ikuskizuna, bertso-trama, antzerkia eta gehiago.
Helduen eta nagusien kategoriak bereizi dituzue aurten ere. Zenbat bikotek eman dute izena?
Hala egingo genuela iragarri genuen, baina ez, aldaketak egin ditugu hor. 15 urteko nerabeei aukeran eman genien nerabeetan izena eman edo helduetan, eta bietatik izan dugu. Nerabeetan, mutilen lau bikotek eta nesken bikote bakarrak eman zuten izena, baina bikote horien ezaugarriak kontuan hartuta, erabaki dugu helduen kategoriara pasatzea guztiak. Zera ikusten genuen: izena eman duten bi neskak dezentez gutxiago ibilitakoak zirela frontenisean, gaztetxoagoak ere bazirela, eta gainera, estreinako aldia zutela plazara irteten zirena jokatzera. Aldiz, mutiletan, aurten 16 urte beteko dituztenak ere bagenituen izena emandakoetan, eta denak ziren neskak baino dezentez gehiago ibilitakoak frontoian. Desoreka handiegia zegoela iruditu zitzaigun, eta haiekin hitz eginda hartu genuen erabakia. Iruditzen zaigu neska nerabeak erosoago eta gusturago arituko direla emakumezkoen txapelketan, eta mutilentzat motibagarriagoa izan daitekeela zaharragoen kontra lehiatzea.
Zenbat bikote izango dira hortaz guztira?
Gizonezkoen txapelketan, 11, eta emakumezkoetan, 8. Iazko kopuru antzekoa beraz. Egia esan oso gustura gaude parte-hartzearekin, jende berria ere animatu delako aurten. Jakin badakigu jende bati kosta egiten zaiola jendaurrera irtetea, eta horregatik bereziki estimatzen dugu zalantzan ibili diren horiek eman duten pausoa. Ama-alabak eta aita-semeak ere apuntatu zaizkigu aurten, eta hori ere polita da, adin ezberdinetakoak elkarrekin aurkeztea.
Noiz hasiko da txapelketa, eta zer egunetan jokatuko dira partiduak?
Maiatzaren 20an hasiko dugu txapelketa, eta dagoeneko pasatu diegu parte-hartzaile guztiei egutegia. Asteazken eta ostegunetan jokatuko dira partiduak, baina beti izaten dira aldaketak, eta aurten ere aurreikuspen horrekin jokatu dugu. Beraz, asteazken eta ostegunetan jokatu ezin dutenek, ostiraletan jokatzeko aukera izango dute, beti ere bi bikoteak ados jartzen baldin badira. Aldaketa horiek, baina, eurek adostu behar dituzte beren artean, eta ondoren, guri jakinarazi. Gainerakoan aldaketa gutxi izango dira. Izena emandako guztiek egin beharko dituzte epaile lanak txandaka-txandaka, eta arauak iazko berberak izango dira. Txapelketa ligaxka eran jokatuko dugu. Duela bi urte, partida bakarrera izan zen. Hau da, galdu ahala, bazterrera gelditzen ziren bikoteak, baina iaz erabaki genuen partidu gehiago jokatzeko aukera ematea guztiei, eta eskertu zuten haiek.