2024ko otsailean Mendaroko enpresa bateko arduradunak jarritako salaketan du oinarria polizia operazioak. Enpresa arduradun hark salatu zuen 50.000 euro lapurtzen saiatu zitzaizkiola manipulazio informatiko baten bidez, eta Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzura atxikitako Ikernet Ziberkriminalitate Taldeak hartu zuen bere gain ikerketa. Ondoren, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren aginduz, Lugoko Guardia Zibilaren Ikerketa Teknologikoko Taldea batu zen ikerketa taldera, eta joan zen apirilaren 28an identifikatu zuten ustezko iruzurgilea. Etxean bertan atxilotu zuten gizona, eta miaketan, gailu informatikoak, sakelako telefonoak, SIM txartelak, lapurtutako dokumentazioa, hirugarren pertsonen banku-txartelak, mikrokamera espioi bat eta delitu-jarduerarekin lotutako beste hainbat gauza atzeman zituzten.
Ertzaintzaren arabera, atxilotuak hirugarren pertsonei lapurtutako dokumentazioa erabiltzen zuen detektatu ez zezaten, tartean baita hildako pertsonena ere. Lapurtutako identitate horiek aukera ematen zioten banku-kontuak aurrez irekitzeko eta SIM txartelei alta emateko. Poliziaren arabera, atxilotua "talde kriminal bateko kidea" zen, eta talde horrek zelulak zituen estatuko hainbat probintziatan.
Ertzaintzatik zehaztu dutenez, orain arteko ikerketa-laak bidea eman du 22 delitu argitzeko eta 160.000 euro inguru berreskuratzeko hainbat banku-kontu blokeatuta. Zehaztu dutenez, delitu mota honetarako arma nagusia konfiantza izaten da. Atxilotuak "Man in the Middle izenez ezaguta den teknika erabiltzen zuen. "Enpresen arteko benetako komunikazioak atzematen zituen, kasu honetan posta elektronikoaren bidez, banku-kontuen zenbakiak susmorik sortu gabe aldatzeko, eta modu, horretan, ordainketak talde kriminalak kontrolatutako banku-kontuetara desbideratzea lortzen zuen".
Euskal Herriko, Galiziako Aragoiko, Baleareetako, Madrilgo, Kataluniako eta Valentziako enpresa ertain eta txikiei iruzur egitea leporatzen diote atxilotuari. Zehazki honako delitu hauek egozten dizkiote: talde kriminaleko kide izatea, iruzur jarraitua egitea, sekretuak argitara eta jakitera ematea, dokumentu pribatuak faltsutzea, egoera zibila usurpatzea eta kapitalak zuritzea. Poliziak epailearen esku utzi du jada. Polizia iturrietatik zehaztu dutenez, ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago izatea.