Minaberri itzulpen-beka eskuratu du Arkaitz Uranga itzultzaile mendaroarrak

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 13a

EIZIEk Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatutako Minaberri beka eskuratu du Arkaitz Uranga Urbietak (Mendaro, 2002), hedabide honen kolaboratzaile dugunak. Jürg Schubiger idazlearen Als die Welt noch jung war liburua euskaratuko du, Naroa Zubillaga Gomez mentorearen laguntzarekin. Txalapartak argitaratuko du. 

Nazioarteko gazte-literaturako lan esaguratsuak euskaratzeko ematen dute Minaberri beka, eta itzultzaile hasiberriei dago zuzenduta. Aurten, sei gazte aurkeztu dira bekaren deialdira, eta, guztien lanak aztertuta, Urangaren alde egin du epaimahaiak. Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasi zuen Urangak EHUn, eta Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterra egin zuen ondoren, Mondragon Unibertsitatean. 2025az geroztik, euskara-teknikari ari da Eibarko Udalean.

Epaimahaiaren azalpena

Epaimahaikideek zehaztu dute ahozkotasuna eta elkarrizketatik gertuko erregistroa izan direla aurtengo itzulgaiaren berezitasunak. Jürg Schubiger-en lana ipuinek osatzen dute, eta kontalariaren eta entzulearen arteko solasa "gertukoa eta bizia" da. Bada, epaimahaiaren arabera, itzultzaile mendaroarrak "bikain" jaso du hori dena alemanetik euskararako itzulpenean, euskararen adierazkortasunaz baliatuz horretarako:  "Erritmoa errespetatu eta naturaltasunez ondu du testua, hizkuntza sinesgarri nahiz freskoan", azpimarratu dute. Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak, Ibai Sarasua Garciak eta Naroa Zubillaga Gomezek osatu dute epaimahaia.

Urangak euskaratuko duen liburuagatik Literaturako Alemaniako Saria jaso zuen Jürg Schubiger-ek 1996an, eta IBBYren Hans Christian Andersen saria, berriz, bere haur eta gazte-literaturako obra osoagatik, 2008an.