Frontenis txapelketako lehenengo partiduak jokatuko dituzte bihar, asteazkena, Mendaron

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 19a

Bihar hasiko da Mendaron Gazte Asanbladak antolatutako frontenis txapelketa. Hiru partidu jokatuko dira bihar, eta beste hiru, etzi, eguenean: emakumezkoen bat eta gizonezkoenak bi. 18:00etan hasiko dute jaialdia.

Hemeretzi bikote daude txapelketan izena emanda: emakumezkoenak zortzi eta gizonezkoenak 11, eta bihar jokatuko dituzte lehenengo partiduak: emakumezkoen bat eta gizonezkoen bi. Emakumezkoetan, Nerea Bastida eta Leire Alberdi arituko dira Eider Agirre eta Maddi Usobiaga ama-alaben kontra, eta gizonezkoetan, bi partidu izango dira: Batean, Jon Ibarluzea eta Ion Casado elgoibartarra lehiatuko dira Julen Iriondo eta Julen Dobarro mendaroarren kontra, eta bestean, Axular Agirregabiria eta Ander Aberasturi Mikel Larrinaga eta Markel Egañaren kontra lehiatuko dira.

Txapelketako partidu guztiak eguazten eta eguenetan jokatuko dira, ondo bidean, eta ostegun honetan ere (maiatzak 21) jokatuko dituzte beste hiru partidu. Ostegunean, Ane Landa eta Naroa Zubiak Irati Alkorta eta Iraia Arriola nerabeak izango dituzte aurkari emakumezkoetan. Gizonezkoen lehenengo partiduan, berriz, Xabat Rey eta Harriet Kanalaetxeberria bikoteak Aratz Larrañaga eta Aitor Urbieta izango ditu aurkari, eta bigarren partiduan, Ander eta Luken Zulaika aita-semeek Luken Agirregabiria eta Beñat Fernandezen kontra neurtuko dituzte indarrak.