Mesa 7 kultur elkarteak antolatu du kontzertua, Uztargi tabernaren, Gararock taldearen eta Mendaroko Udalaren laguntzarekin, eta San Agustin aretoan izango da, 21:30ean hasita. Sarrerak salgai daude Uztargi tabernan, 15 euroan.
Avilan (Espainia) sortua da Nieva, eta nazioarteko jazz-panoramako figura entzutetsu bihurtua dago. Bere jaioterriko Musika Kontserbatorio Profesionalean eman zituen lehenengo pausoak, eta handik Donostiara etorri zen gero, Musikenera, ikasketak osatzera. Ondoren, Musika Ikerketako Masterra egin zuen Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean, eta esparru akademikotik kanpo, Branford Marsalis, Loren Stillman, Roman Filiu, Bob Mintzer edo Immanuel Wilkins bezalako musikarien eskola magistralak jaso ditu. Bere musika ibilbidean musikari handiekin lan egin izan du, besteak beste honako hauekin: Kirk MacDonald, Josh Ginsburg, Martin Nevin, Marta Sanchez, Perico Sambeat, Javier Colina, Alain Perez edo Silvia Perez Cruz. Ezaguna da, baita ere, Madrilgo musika eszenan, zeinean ondorengo hauekin kolaboratu izan duen, besteak beste: Bob Sands, Bobby Martinez, Miguel Blanco, Juanma Barroso, Jorge Vistel, Maikel Vistel, Reiner Elizarde Negrón, Luis Guerra, AP Big Band, CMQ Big Band edo La Resistencia Jazz Ensemble musikariekin kolaboratu duen.
Sari ugari jasotakoa ere bada, eta nazioartean ere egin du bidea, besteak beste Suedian, Frantzian, Suitzan, Maltan, Austrian, Herbehereetan, Errumanian, Erresuma Batuan eta Estatu batuetan. 2021ean, mundu osoko hautagaien artean hautatu zuten Focusyear programan parte hartzeko, Basileako (Suitza) Jazz Campusean garatutako graduondoko programa entzutetsu batean. Esparru horren barruan, kontzertuak eman zituen Chris Cheek, Sullivan Fortner, Tineke Postma, Wolfgang Muthspiel, Kris Davis, Jorge Rossy, Cuong Vu, Ingrid Laubrock, Miguel Zenon, Elena Pinderhughes edo Guillermo Klein bezalako musikariekin, eta Tiny Windows diskoa ere grabatu zuen Focusyear Band taldeko kide gisa. Bostonera ere bidaiatu zuen, Berklee Global Jazz Instituterekin lankidetzan aritzeko, Joe Lovano, John Patitucci edo Danilo Perezekin lan eginez.
Process izeneko bere lehen lana eta Empirical Sounds bigarrena estatuko jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan aurkeztu izan du, hala nola Madrilgo Jazzaldian, Donostiako Jazzaldian, Lugoko Jazzaldian, Talaverako Jazzaldian, Medina del Campoko Jazzaldian, Alcalako Universijazzean, Cangaseko Jazz no Outonon eta DebaJazzen. Inguru honetan ere ezaguna izango dute, beraz, askok.