2016an antolatu zuten estreinakoa, hein handi baten Carlos Cebrian Cebri lagunak hauspotuta eta Munleten Chupacabras diskoa aurkezteko, baina bete zituen kontzertu hark hainbeste, ezen jarraitzea erabaki zuten. Geroztik hazi eta hazi joan da Gararock, jaialdi handien mapan lekua ziurtatua izateraino, baina geldialdi bat egitea erabaki dute orain antolatzaileek, ardurek eta lanak ilusioa betiko itzali aurretik.
Aurten ez da Gararockik izango. Nekea aipatu duzue arrazoi nagusitzat.
Ina Iriondo: Bai, kantsatuta gaude, eta geneukan taldea ere desegin du horrek. Reset bat egin beharra geneukan, geldialdi bat, jatorrizkora itzultzeko.
Josu Iriondo: Hamargarren edizioa izango zen aurtengoa, eta orain artekoa ondu eta zerbait espezialagoa sortzea zen gure asmoa. Esan ere hala esan genuen iaz, eta hasi egin ginen taldeei deika, baina hiruzpalau ezetz jaso eta hustu egin ginen. Urtetik urtera zerbait hobea eskaintzeko presio hori jarri diogu geure buruari, eta gehiegia egin zaigu.
I.I.: Anbizio handiegiz jokatu dugu, beti gehiago eta hobea eskaini nahi batekin, eta ez dugu asmatu atzera egiten. Josu eta biok ibili gara, bereziki, aurrelanetan, eta ni neu agobiatuta sentitu naiz. Gustuz eta ilusioz hasitako gauza bat bihurtu da ardura handi bat, eta tarte horretan gure etxeko ardurak ere handitu egin dira. Dena izan da. Nik duela bi urtekoaren ondoren esan nien hauei: "Gelditu beharra daukagu". Baina hauek ezetz, eta egin genuen aurrera, guk geuk ere oso ondo pasatzen genuelako, baina lana ez da egun bakarrera mugatzen, ezpada urte osora. Diru-eske ibiltzea; kostuak handitu direlako Udalarekin negoziatzen ibili beharra; beti tiraka ibili behar hori; tarteka min egiten duten gauzak entzun beharra norbera dena ematen ari denean; taldeak estutzen ibiltzeak sortzen digun eztabaida etikoa... Gauza asko dira. Eta beste kezka handi bat ere izan dut nik neuk: Mendaroko herriak nahi al du benetan Gararock? Nik kezka hori beti izan dut, hasierako urteetan uste ez genituen herrikideak ere erakarri genituen arren, azkeneko urteetan kanpoko jende gehiago ibili delako bertakoa baino. Jendeak ez ditu taldeak ezagutzen, eta, urterokoa bihurtua zenez Gararock, ez zuten sentitzen beren beharra genuenik.
J.I.: Bai, orain, aukera zabalagoa daukagu. Kultura-agendan zegoen hutsunea bete, rock musikari zor zitzaion lekua eman, eta, musikari nahiz herritarrei, kalitatezko programazioa eskaintzeko sortu genuen Gararock, baina orain, Juli [Segundo] ere badabil hor jazz kontzertuekin, eta, bestela ere, eskaintza aberatsagoa da.
Egindako lanaren erakusgarri dira eskegita dauzkazuen kartelak. Zer uste duzue lortu duzuela?
J.I.: Bai, memoria egiteko balio dute. Hor ikusten da zer izan den Gararock, zenbat talde onek jo duten, zenbat lan egin den tamaina honetako rock eskaintza bat antolatzeko. Gehiago edo gutxiago gustatuko zitzaizkion jendeari etorri diren taldeak, baina jakin bazekiten ekarri baldin baditugu kalitatearen bermea zutelako ekarri ditugula. Begira, gu hasi ginenean ez zegoen ezer hemen. San Agustin aretoa bera ere apenas erabiltzen zen, eta orain, berriz, astero dago zerbait.
I.I.: Hori da. Debabarrenean ere ez daukagu gaur Gararocken pareko jaialdirik, eta kanpoko jende batek ere eskaini du bere burua lanerako, aurten ez dela izango jakin duenean. Mendaron ere badira gutxi batzuk pena agertu didatenak, baina niri horrek zer pentsatua eman dit, nire asmoa bestea izan delako beti: ekartzea talde onak hona, gure herriko jendeak ezagutu ditzan. Saiatu gara mimoz zaintzen dena, eta, horri eusteko gai ez baldin bagara, ez du merezi. Hori bai, oso harro nago egin dugunaz, eta nahi nuke gauza bat esan: urte hauetan guztietan ondoan izan ditugun boluntarioei zor diegula Gararockek eman digun guztia.
"Urtetik urtera zerbait hobea eskaintzeko presio hori gehiegia
egin zaigu"
Ez da behin betiko agurra. Jarri dezagun azpimarra horretan. Zer duzue buruan?
J.I.: Musikazaleak izanda, seguru zerbait egingo dugula, baina formatu txikiagoan.
I.I.: Ba, begira, aurten 30 urte beteko dira Trinitaten Trinipop jaialdia egin genuenetik. LiliMoon eta 6Nemen9 taldeek jo genuen lehenengo hartan, eta bi urtean egin genuen, 1996an eta 1997an. Urteurren hori gogoan, asmoa daukagu Trinitateko parkean kontzerturen bat antolatzeko. Kontua da Mutrikutik deitu digutela ekainaren 20an, Xiri Egunean, Maraca Diabloren azken lana aurkezteko, eta pentsatzen gaudela Mendaron ere aurkeztea, Trinitaten, beste talde batekin edo birekin. Ona izan daiteke, herriak zer nahi duen neurtzeko.
J.I. Forma eman behar diogu horri, baina leku ederra da Trinitateko parkea; hori ere izan da gure nahia: herrian dauzkagun lekuetara zabaltzea.
Asko izango ziren, baina une gogoangarrienak zeintzuk izan dituzue?
I.I.: Asko izan dira, baina nik aipatuko nituzke lauzpabost jaialdi: lehenengoa, hirugarrena, laugarrena, eta 2024koa, Txirristakaren urteurrenekoa eta Ruper Ordorika ekarri genuenekoa. Cebri gaixo zela egin genuen lehenengo Gararock, Chupacabras aurkezteko, eta espero ez genituenak ere etorri ziren. Hirugarrena brutala izan zen. Anari, Biznaga, Rubia, Jupiter Jon... Han goia jo genuen. Laugarrena Cebriren azkena izan zen.
J.I: Bai; gogoan daukat La Niña Hiloko abeslaria jaitsi zela oholtzatik aulki gurpildunean zegoen Cebri agurtzera. Joseba Irazokiren boloa ere itzela izan zen.
I.I. 2024ko jaialdiko irudia ere ez dut ahaztuko. Bertso eskolako umeak, gure kamiseta soinean zutela, rock doinuan bertsotan. Niretzat Gararocken esentzia argazki horretan dago. Eta gero, Ruperrena... Nik orduan esan nien hauei: "Listo, orain utzi dezaket. Ez daukat beste helbururik". Gauza bat esango dizut: Anari eta Ruper ekarriko ditugu berriro noizbait. Hori diot agindua neure buruari.
J.I.: Cebri oso inportantea izan da guretzat. Pandemia betean hil zen, 2020an, eta haren omenez antolatu genuen Cebriday ere ikaragarria izan zen. Garai zailak izan ziren haiek, baina gu orduantxe geunden ilusio handienarekin eta antolatu genuen Begietik entzutekoak zikloa [Mugak, Testurak, Mursegok eta Munletek jo zuten].
I.I.: Aipatu duzu Cebri, eta bai, berebiziko garrantzia izan du hark gugan, baina baditut hemen aipatu nahi nituzkeen beste lagun batzuk ere, gaur falta direnak. Donan [Angel Bazterretxea abadea], Balbi [Vives], Jone Gurrutxaga, Juan Luis Ondarra eta Patxi Santamaria azkoitiarra. Lagun asko eman dizkigu Gararockek, baina bost horiek pisu berezia izan dute.