Jolasa bitarteko dutela herriko ingurune naturalaz ikasteko aukera izan dute Mendaron eskola-umeek

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 26a

Motxaila herria maketaren sortzaileen ekimenez, Txoko Txiki jolasa egin zuten zapatuan Mendaron, bi-hiru helburu nagusirekin: herriko berdeguneetan dauden zuhaitzei izenak jarri eta haien inguruko ezaugarriak ikasi; eguzkiarekin orientatzeko bide bat edo beste ikasi, eta batez ere, haurrak amets egitera bultzatzea.

11:30ean hasi zuten jolasa, Trinitaten. Ekimenaren sustatzaile nagusiak,  Amagoia Basurtok, ipuin bat kontatu zien aurrena umeei, lurrean eserita, eta ametsen zaindari izendatu zituen. Egiteko bat ere jarri zien: ipuineko pertsonaia nagusiek beren magia indartzeko erabili ohi duten ametsen kutxa topatzea. Azaldu zien Mendaroko berdeguneren baten ezkutatua utzia zutela haiek kutxa, baina hara iristeko, zuhaitzetan ezkutatutako ateak eta berdeguneetan ipotxek eraikitako herrixkak topatu beharko zituztela, haietan topatuko zituztelako kutxa aurkitzeko behar zituzten argibideak. Horretarako, bidean hainbat proba gainditu behar izan zituzten haurrek, eta gainditutako proba bakoitzeko hitz bat eman zieten Arno guraso elkarteko boluntarioek, haiekin guztiekin esaldi bat osatzeko gero. Esaldi hori osatutakoan, Trinitatera itzuli ziren haurrak, eta hantxe topatu zuten arboladi batean ezkutatuta Ametsen Kutxa. Jolasa amaitzeko, parte-hartzaile bakoitzak amets bat idatzi eta kutxan sartu zuen, eta ekainaren 23an, San Joan bezperaz, In Leike kultur elkarteak egingo duen Akelarrera eramango dituzte Txoko Txikikoek, sutara bota eta ametsak gauza daitezen.