130 bat lagunek eman dute izena zapatuan Mendaron ospatuko duten Mendi Eguneko herri bazkarirako

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 27a

Bigarren urtez Mendi Eguna ospatuko dute zapatuan, maiatzaren 30ean, Mendaron. Arno guraso elkarteak, Lizarpe Mendi Klubak eta Udalak antolatu dute elkarlanean, eta antolatzaileek jakinarazi dute 130 bat lagunek eman dutela izena herri-bazkarirako. Hala ere, gogorarazi dute mendi-irteeretan parte hartzea librea dela, eta horretarako nahikoa dela zapatuan irteera ordurako plazara agertzea.

Bi ibilbide proposatu dituzte antolatzaileek, biak ere Kilimon Trail lasterketakoak. Luzeak 23 kilometro ditu, eta motzak, 11. Luzea egin nahi dutenak 07:00eta abiatuko dira Herriko Enparantzatik, eta motza egin nahi dutenak, 09:30ean. Hori bai, luzea egiteko baldintza bat zehaztu dute antolatzaileek: 14 urte beteak izatea. Gainerakoan gogorarazi dute derrigorra dela mendirako arropa eta oinetako erosoak janztea, gutxienez litro bat ur aldean hartzea, eta mokadu bat egiteko zerbait eramatea. Gomendio batzuk ere egin dituzte: eguzkitik babesteko txapela eta krema hartzea, eta aldatzeko kamiseta bat eta galtzerdiak hartzea. Era berean, zehaztu dute bi anoa postu izango direla bidean: Munitibarrenen, 12. kilometroan, eta Lizarpen, 16. kilometroan. Luzekoak biak harrapatuko dituzte, baina motzekoek bigarrena bakarrik. Ura betetzeko bi leku izango dituzte bidean luzekoek, Madarixan (8.km) eta Erentzan (15.kilometroan).