Arrate Iriondo eta Ekhi Zubiaurrek grabatutako irudi hauetan ahatekumeen ikasketa prozesuaz goza dezakegu. Bideoko ahatekume hauek koskortu dira, eta iritsi zaie amaren hegalpetik irten eta errekara salto egiteko garaia, eta hor doaz amaren atzetik, Kilimon errekako petrilean aurrera. Tarteka, gelditu egiten da ama, inor galdu ez duela egiaztatu nahiko balu bezala, eta halako batean, Herriko Enparantzako igogailu pare horretara iritsita, salto egitera animatzen ditu kumeak. Hegan egin du amak errekara eta behetik gora begiratzen die, petrilean duda-mudan dabiltzan kumeei. Altura handia dago, eta ahatekumeak ez eze, ikusmiran hurbildu diren herritarrak ere beldurtu dira. Nolanahi ere, animatu dituzte ahatekumeak salto egitera, jakinda beren ikasketa prozesuaren parte dela hori, baina ezin izan dute errukia ezkutatu. Bizitza, borroka etengabe bat da, baina, eta orain, arratoiengandik eta aspaldian joan-etorrian dabiltzan ubarroiengandik ihes egiten ikasi beharko dute gure gaurko lagunek, haiek ere zelatan izango dituztelako.