Bizi-Poza txarangak hasiko ditu gaur Mendaroko Trinitate jaiak

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 29a

Bizi-Poza txarangarekin hasiko dituzte, gaur, ostirala, Mendarozabal auzoko jaiak: trinitateak. 19:00etan irtengo dira txarangakideak Trinitate baseliza ondotik, kalejiran, asteburuko jaia iragartzera.

Bihar, berriz, eta ohitura duten moduan, arbola jasoko dute ermita ondoan jai batzordekideek, eta jaira deituko dute elizako kanpaiek ere. 17:00etarako iragarri dute kanpai-jotzea eta arbola-jasotzea. Nolanahi ere, ospakizun handienak domekan izango dira, Trinitate Egunean.

Domekan, Ameikutz musika eskolako txistulariek hasiko dute jaia, 10:30ean. Kalez kale ibiliko dira txistulariak, eta Trinitaten bertan amaituko dute kalejira, 12:00 aldera, ordu horretan esango baitute meza nagusia. Mezatan, Mendaroko bertako eta Itziarko abesbatzek parte hartuko dute. Horren ostean, berriz, ohiko herri-kirol jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute Trinitatera batzen direnek. 12:45ean hasiko dute jaialdia, eta hiru kirolari arituko dira lanean: Goizeder Abendibar (Mallabia, 2008) arituko da harri jasotzen, izetatarren eskolakoa, eta Arkaitz Etxebeste (Igeldo, 1994) eta Ugaitz Mugertza (Mutriku, 1987) arituko dira nor baino nor gehiago aizkoran. 2025eko azaroan, Euskadiko Harri Jasotze Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen, Abadiñon, Abendibarrek, hiru minutuan harri zilindrikoari 43 altxaldi eta kubikoari 29 eginda. Aizkolariei dagokienez, bata etxekoa da: Ugaitz Mugertza, plazaz plaza hamaika urtean dabilena eta saskia lorpenez ondo betea duena. Etxebeste gazteagoa da. 2024an egin zuen debuta plazan igeldoarrak, 29 urterekin, eta bi hilabeteren barruan Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen, Iker Vicente lagun hartuta. Iaz, azaroan, berriz, Euskal Herriko txapeldun izan zen, Bigarren Mailan, eta, hala, Lehen Mailara igotzea lortu zuen.

Herri-kirol saio ondorena, aldiz, herriko trikitilari gazteek girotuko dute.

Trinitate Txiki astelehenean

11:00etan, meza izango dute mendaroarrek Trinitate baselizan; ondoren, eta urtero bezala, ikastolako haurrak igoko dira ermita aurreko oholtzara, bertsotan egitera. Txandaka-txandaka igoko dira maila bakoitzeko eskola-umeak, eta ikasturtean zehar bertso eskoletan prestatutako bertso-sortak kantatuko dituzte. Saio horren ondotik, Leandro Esnaola eta Saioa Lizarralde arituko dira soinuarekin eta panderoarekin Trinitate Txiki Eguna alaitzen. Bai domekan eta bai astelehenean ere txosna jarriko dute elizako atarian, jan-edanerako.