150 bat lagun elkartu dira gaur Mendaroko Mendi Egunean

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 30a

Mendi Eguna ospatu dute gaur Mendaron, bigarren urtez jarraian. Guztira, 150 bat lagun elkartu dira mendirako, bi taldetan banatuta: 25 bat lagun abiatu dira plazatik goizeko zazpietan Kilimon Trail mendi lasterketako ibilbide luzea egitera -23 kilometro-, eta 125 bat ondoren, 09:30ean, ibilbide motza egitera -11 kilometro-.

Arno guraso elkarteak, Lizarpe Mendi Klubak eta Udalak antolatu dute elkarlanean gaurko eguna. Hiru osagai zituen gaurko egitarauak: mendi-irteera, herri-bazkaria, eta arratsaldeko kalez kalekoa Miren Gisasola musika jartzailearekin, eta gozatu dute mendaroarrek.

Aurreko egunetako bero saparen beldur ziren mendizaleak, eta sargori egin badu ere, astean zehar egin duena baino eguraldi hobea egin du mendirako, eta aitzakiarik ez da izan mendirako. Nork bere pausoan egin dut ibilbidea, baina taldean, horixe nabarmendu baitute irteeran antolatzaileek: gaurkoa mendi martxa zela eta ez lasterketa, ibilbide biak Kilimon Trail lasterketakoak izanagatik. Mendiz mendi ibili ondoren, frontoian elkartu dira 130 bat lagun bazkaltzeko, eta bazkalostean, kamisetak oparitu dizkiete guraso elkartekoek urtean zehar antolatutako mendi irteeretan parte hartu duten mendizale gazteei. Era berean, Kilimon Traileko galtzerdiak, Lizarpe Mendi Klubeko kamisetak eta gazta laurdenak ere zozkatu dituzte bazkaritara batutakoen artean. Bazkalostean, Arno guraso elkartekoek buruhandiak ere atera dituzte, eta korrikaldi ederrak egin dituzte haurrek haiengandik ihesi. Arratsaldean, 18:00ak aldera, berriz, kalez kalekoa hasi dute Miren Gisasola musika jartzaile eibartarrarekin.