Plaza auzoari buruzko ikus-entzunezkoa proiektatuko dute ostiralean Mendaron

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko ekainaren 3a

Plaza auzoa AP-8 autobidea eraiki aurretik. Autobidea egiteko eraitsi zituzten argazkiko etxeak. Arg.:Aitor Etxeberriaren bildumakoa

AP8 autobidea eraiki aurreko Plaza auzoari buruzko ikus-entzunezkoa emango du In Leike kultur elkarteak ekainaren 5ean Mendaron: Oroitzapenen kutxatik. Udaletxeko udalbatza-aretoan izango da emanaldia, 18:30ean hasita

BARRENAko kazetari eta In Leike kultur elkarteko Ainara Argoitiaren lana da, eta sei lagunen testigantzak jaso ditu bideoan. Plaza auzoan jaio eta hazitakoak dira haietako bost –Silverio Txurruka, Miguel Mendikute, Juanita Iriondo eta Jose Antonio eta Jesus Mari Mendikute anaiak– eta Plaza auzoko Martitenea Txiki baserrira ezkondutakoa da seigarrena –Juanita Ugarteburu (Berriatua, 1940)–. Haien ahotik, mendaroar askorentzat ere ezezaguna den Plaza auzoari buruzko hainbat jakingarri batu ditu kazetariak; besteak beste, autobidea eraiki aurretik Plazan izan ziren enpresen, familia-negozioen, aisialdiguneen, eta etxeak hustera behartu zituzten familien inguruko kontuak. Udaletxeko udalbatza-aretoan izango da proiekzioa, 18:30ean. Bideoak ordubete irauten du.

Argoitiak azaldu du halako helbururik gabe hasi zuela proiektua, Plaza auzora egindako ibilaldi batean auzokoekin bertakoekin egindako solasaldi baten ondotik. Aipatu du sarri joan ohi dela auzo hartara eta Miguel Mendikuterekin eta Jose Antonio Mendikuterekin izandako berbaldi batean sortu zitzaiola zerbait grabatzeko asmoa: "Sekula entzun gabeko kontuak aipatu zizkidaten ortuan lanean ari ziren batean; tartean, 70eko hamarkadan hamasei familia etxerik gabe gelditu zirela Plazan, AP8 autobidea eraikitzeko obrengatik. Hari horri tiraka hasitako proiektua da hau. Kontu haiek guztiak grabatu eta eskola-umeei erakutsi beharko geniekeela aipatu nien, uste dudalako herri-identitatea sendotzeko ezinbestekoa dela zer izan garen eta nor garen ezagutzea; are gehiago, mundura zabalik bizi garen garaiotan. Kontua da nik uste baino gauza gehiago zituztela kontatzeko gure lagunek, eta, ibilian-ibilian, handituz joan dela proiektua, esku artean dugun hau bihurtu arte. Oso eskuzabalak izan dira guztiak, bai nirekin, bai proiektuarekin".