Korner Festibalean mendi korrikalariekin egin duten mahai-inguruan hartu du parte Maite Maiorak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 4a

Mendi lasterketen inguruko solasaldian parte hartu zuten lagunak. Korner Festibala.

Kultura eta futbola uztartzen ditu Realaren Fundazioak antolatzen duen Korner, Kultura & Futbol Festibalak. Bederatzigarrengoz antolatu duten jaialdian mendi lasterketak izan dira kirol gonbidatua, eta goi mailako mendi lasterkariekin mahai-ingurua egin dute. Tartean zen Maite Maiora mendaroarra.

Ekainaren 1etik 6ra bitartean egingo dute Korner Festibala, Anoetako areto nagusian, Amara Berriko Ernest Lluch Kultur Etxean eta Txillida Lekun. Aurtengoan zinema, futbola, mendi lasterketak eta geopolitika uztartuko dituzte, futbolaren, kulturaren eta gizartearen arteko loturak bilatuz. (ikus Korner Festibaleko egitaraua)

Atzo, Kirol gonbidatua atalaren barruan, antolatzaileek "goraldi betean dagoen eta gure lurraldean errotze berezia duen” mendi lasterketei erreparatu zieten. Horretarako, mendi lasterketetan aritzen diren aurpegi ezagunak batu zituzten mahai baten bueltan: Sara Alonso, Malen Osa, Maite Maiora, Manu Merillas, Jokin Lizeaga eta Ekain Larrea. Hazkunde, eraldaketa eta profesionalizazio unean dagoen kirolaz jardun zuten Aitor Elduaienek dinamizatutako solasaldian. Hain zuzen, mendi lasterketetan aritzeko behar den prestakuntzaz eta exijentzia fisiko zein mentalaz.

Mendi lasterketetako "alde gizatiarrena" ere bistaratu zuten saioan: lesioak, itzulerak, presioa eta norbere buruari gehiegi eskatzea, besteak beste. Maite Maiorak lesio garrantzitsu bati nola eman dion buelta azaldu zuen; Jokin Lizeagak bere prozesuaren gogortasuna ekarri zuen gogora, eta azpimarratu zuen "gai honen inguruko jakintza asko handitu dela", gaur egun kirola inguratzen duten prestakuntzari eta ezagutzari erreferentzia eginez. Malen Osak, bere aldetik, erreferentzia onenekin neurtzeak dakarren motibazioaz hitz egin zuen, eta Strava aplikazioa "kalte handia egiten" ari dela azpimarratu zuen, entrenamendua gehiegizko exijentziaz bizitzera bultza dezakeelako. Hona hemen antolatzaileen kronika.

Maite Maiorak festibalaren aurkezpenean ere hartu zuen parte.

Honako bideoan jaso dituzte berbaldiko hainbat une: