Daniel Juarez saxofoi jotzaileak kontzertua emango du ekainaren 12an, San Agustinen

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 9a

Roberto Nieva saxofoi jotzaile entzutetsua izan zen Mendaron orain hurrengo, maiatzaren 22an, eta ekainaren 12rako beste jazz kontzertu bat iragarri du Mesa 7 kultur elkarteak: Daniel Juarez saxofoi jotzailearena.

 San Agustin aretoan emango du kontzertua, 21:30ean hasita, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, Uztargi tabernan, 15 euroan. Hala ere, aretoko sarreran bertan ere eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Saxofoi jotzailea, konpositorea eta irakaslea da Juarez, eta musikari buruz duen ikuspegi berritzaileak ezagun egin du Europan. 2014an kaleratu zuen lehen diskoa, Caminos, eta zortzigarren lana aurkeztera dator: Reflexividad. Edertasuna, desioa, identitatea eta perspektiba landu ditu lan horretan Juarezek. Iazko otsailaren 21ean kaleratu zuen, eta Europako jazz garaikideko album garrantzitsuenetako baten gisa aurkeztu zuen kritikak. Musikaren bidez giza esperientzia unibertsalei buruz hausnartzeko gonbidapena da Reflexividad diskoa, nazioarteko eszenan erreferenteak diren hiru musikariren laguntzarekin aurkeztuko duena: Dario Guilbert –kontrabaxua–, Naima Acuña –bateria– eta Mendaroko seme Iñigo Ruiz de Gordejuela –pianoa–. Saxo tenorrarekin erakutsitako trebetasunagatik da bereziki ezaguna Juarez, baina jazz, pop, hip-hop, elektronika eta musika garaikideko estilo askorekin nahasteko duen abileziak ere aparteko egiten du. Haren ibilbidean musikari handiekin jo izan du, hala nola Adam Nussbaum, Dave Liebman, Rhonda Ross, Michael Moore, Rodney Kendrick, Kevin Hays...