Azken urteotako ohiturari jarraituz, plazara irtengo dira Mendaroko musika eskolako ikasleak urte guztian zehar ikasitakoaren ale bat erakustera.
Asteazkenean izango da kontzertua, eta, musika instrumenturen bat ikasten ari direnez gain, abesbatzako ikasleek ere parte hartuko dute. Haiek izango dira, hain justu ere, jaialdiari hasiera emango diotenak. Lau kantu interpretatuko dituzte: Banaha, Bagare, Euskal kantuen mezua eta Itzulera. Ondoren, panderojole gazteek popurri bat joko dute eta tronpeta ikasleek How to train your dragon kantua. Biolina ikasten ari direnak ere igoko dira oholtzara, Irish Jigs kantua interpretatzera, eta txistulariek bi kantu joko dituzte ondoren: Iluntzean eta Ilargi berriak. Haien atzetik, trikitia eta pandero ikasleen txanda izango da. Gozategiren Nirekin kantua interpretatuko dute haiek, eta jaialdia, berriz, konbo taldek amaituko dute. Benito Lertxundiren Loretxoa joko du taldeetako batek, eta Izaroren Xorieri besteak.