Mendaron jokatuko dute zapatuan jubenilen Gipuzkoako Itzuliko lehenengo etapa

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 16a

Itzulian parte hartuko duten Besa-Geminis taldeko hamabi txirrindulariak.

Mendaron hasi eta bukatuko da zapatuan, hilaren 20an, jubenilen Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa. 15:10ean abiatuko da tropela Herriko Enparantzatik, eta 105,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek.

Idiazabalen jokatzekoa duten aitzinetaparekin hasiko dute jubenilen Gipuzkoako Itzulia ostiralean. Hiru etapa izango dira guztira, eta estreinakoa Mendaron hasi eta bukatuko da, iragarpen guztien arabera, bero handiarekin. Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatuko du etapa hori, eta 105,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. 15:10ean abiatuko da tropela Herriko Enparantzatik, eta bi itzuli egin beharko dituzte Bergarako Labe Garaietaraino. Bide hori osatuta, Kalbario igo beharko dute, Sasiolatik gora. Handik Mutrikura jaitsi, eta Olatzen gora hartuko dute gero, Arribinieta igotzeko. Biak dira bigarren mailako mendateak, Kalbario zein Arribinieta. Arribinietatik Kalbariora egin eta helmugako bidea hartuko dute. Ondo bidean, 17:42 alderako izango dira azkarrenak Mendaron.

Debabarreneko sei txirrindularik parte hartuko dute: Elgoibarko Besa-Geminis taldeko bostek -Iñaki Astigarraga, Fran Jayder Molina, Aimar Gonzalez, Unai Cornejo eta Aratz Goikotxea- eta Tolosa taldearekin lehiatuko den batek -Ander Albizu-.