Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin elkarlanean, etxebizitza dotazionalen promozio bat sustatu nahi du Mendaroko Udalak. Horretarako, Udalak lurrak eskaini behar dizkio Jaurlaritzari, babestutako alokairuko etxebizitzak eraikitzeko. Azpilgoeta kaleko 26. zenbakiko eraikina (Emeterioneko etxea) dagoen lurra eskaini asmo dio Udalak, baina horretarako, lehenengo eta behin, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa bat egin beharra izan dute lurzoru eraikigarri hori zuzkidurazkoa bihurtzeko. Azkeneko udalbatzaren osoko bilkuran onartu zen aldaketa hori egitea, eta orain, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa bat egiten den aldiro bezala, bilera informatiboa egingo dute interesdunei azalpenak emateko.
Udalbatza aretoan izango da bilera hori, ostegunean, ekainaren 18an, 18:00etan hasita. “Hori horrela, gardentasunaren, parte-hartze publikoaren eta gobernu onaren printzipioen esparruan, herritarrei, gizarte-eragileei, auzo-kolektiboei eta gainerako interesdunei gonbidapena egiten zaie parte har dezaten informazio eta parte-hartze publikoko prozesuan”, zehaztu dute Udaletik. Prozesu horren helburua zera da: hirigintza-aldaketaren proposamena "hobetzen eta behar bezala definitzen" lagun dezaketen iritziak, iradokizunak eta ekarpenak biltzea, eta, horrela, "lortzen den plangintzak udalerriaren interes orokorrari eta beharrei erantzuten diela bermatzea".