'80 egunean' filmaren proiekzioarekin hasiko dute udako programa Mendaroko Gazte Asanbladakoek

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 19a

Ekainaren 25ean Trinitaten egingo duten zine emanaldiarekin hasiko dute Mendaroko Gazte Asanbladakoek udako egitaraua. Datorren eguenean hasi eta uztailaren 23ra arte askotariko ekintzak izango dira herriko gune ezberdinetan.

Eguenean, ekainaren 25ean, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zinemagileek zuzendutako 80 egunean filma proiektatuko dute Trinitateko parkean, 22:00etan hasita. Bi emakumeren arteko maitasun istorioa kontatzen du filmak. Axun (Itziar Aizpurua) eta Maite (Mariasun Pagoaga) dira protagonistak, eskolan elkar ezagutu zuten adineko bi emakume. Eskola garaian, sentimendu eta harreman batzuk piztu zitzaizkien, baina harreman lotua izan zuten, ez baitzioten beren buruari laguntasunetik haratago joatea baimendu. Axun ezkondu egingo da gero, eta Maitek bere benetako sexualitatea ezagutuko du. Berrogeita hamar bat urte pasa eta gero Donostiako ospitalean topo egingo dute berriro bi lagun horiek, eta umetako sentimenduak berpiztuko zaizkie. Bi pertsonaiek beren sexualitatearekin duten gatazka azaleratuko du filmak. 

Ekainaren 30erako, berriz, Iago magoaren magia saioa iragarri dute. Mendarozabalen egingo du ikuskizuna Iagomagoak, iluntzez, 19:00etan hasita. 

Nolanahi ere, egitaraua ez da ekainera mugatuko. Uztailerako beste hainbat ekintza iragarri baitituzte. Hona hemen:

  • Uztailaren 5a: Kontzertu akustikoa, Gaztetxe aurreko aparkalekuan, 10:00etan
  • Uztailaren 6a: Antzerki tailerra, Gaztetxean, 18:00etan hasita.
  • Uztailaren 8a: Gaubela, Santa Kurutzen, 21:00etatik aurrera
  • Uztailaren 14a. Plaza dantza ikastaroa, Gaztetxe aurreko aparkalekuan, 18:00etan hasita.
  • Uztailaren 17a. Bertsotan gixez bertso-saioa, Herriko Enparantzan. 20:30ean hasita. Aurretik, txosnarako ikastaroa, 19:00etan.
  • Uztailaren 23a. Frontenis txapelketako finalak, frontoian. 19:00etan.