Literaturaz euskaraz gozatu nahi dutenen kluba handitu nahi dute uda osterako

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 21a

Ikasturtearen balorazio positiboa egin dute Mendaroko helduen irakurketa-klubekoek eta animatu dituzte herritarrak irailean izena ematera.

Asteazkenean izan zuten Mendaron helduen irakurketa-klubekoek ikasturteko azken saioa. Urrian hasi zuten ikasturtea, eta, geroztik, bederatzi saio izan dituzte; hilean bat, gutxi gorabehera. Asier Serrano idazleak (Eibar, 1975) gidatu ditu saio guztiak, eta hark proposatutako liburuak landu dituzte taldean, genero eta gai askotarikoak: Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eleberria; Uxue Alberdiren Hetero ipuin liburua; Andu Lertxundiren Otto Pette eleberri klasikoa; Karmele Jaioren Maitasun kapitala eleberria; Pello Lizarralderen Lanbroa eleberria Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia kronika-liburu edo saiakera artekoa; Art Spielglmanek sortu eta Julen Gabiriak euskaratutako Maus komiki liburua; Begoña Lizarren Mundu zitalaren kontra eleberria; eta Xabier Mendigurenen Oso latza izan da eleberria. Talde txikian batu, eta liburu horien irakurketak sortu dizkien zalantzak, kezkak, hausnarketak, jakin-minak... partekatu dituzte bildu diren aldiro, eta ariketa aberasgarria izan zaiela aitortu dute parte-hartzaile guztiek. Izan ere, irakurtzea lagungarria da, nork bere burua ez ezik, mundua bera ere ezagutzeko, baina irakurritakoa beste batzuekin partekatzeak laguntzen du besteen tokian jartzen eta norberarenak ez diren ikuspuntuetara hurbiltzen. Horixe sustatzen dute, hein handi batean, irakurketa-klubetan: lagunei entzun eta zalantzari ate bat zabaltzea; erantzun borobilik ez dagoela jabetzea. Baina, hein berean, askotan lotu antzean izaten den irudimenari hegoak zabaltzea ere bada irakurtzea; hegoak zabaldu eta hegan egiteko bidea ematea irudimenari, literaturaren bidez.

2024ko ikasturtean sortu zuen Udalak helduen irakurketa-kluba, herriko irakurzale batzuek eskatuta. Guraso elkartean aritu ziren garaian haurrentzako Letren harietatik jolasean irakurketa-kluba sortu zuten irakurzale berberek egin zuten proposamena. Hala sortu zuten Miszelania irakurketa-kluba, Mireia Delgado bitartekari literarioaren gidaritzapean (Durango, 1984). Orain, berriz, taldea sendotu egin nahi lukete, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak datorren urterako. Nabarmendu dute irakurketa-klubean parte hartzeko ez dela ezelako ikasketa mailarik izan behar; alegia, ez dagoela asko irakurria izan beharrik, ez eta jendaurrean hitz egitera ohitua egon beharrik ere. Euskara ulertzea da baldintza bakarra, euskaraz direlako saioak. Helburua, berriz, irakurketaz taldean gozatzea da, elkarrekin eta elkarrengandik ikastea, elkar aberastea.

Irakurle taldekoen iritziak:

Alaitz Vives (irakurlea): "Irakurtzea bera bakarkako aktibitatea izanik, ez da erraza izaten irakurritakoa patxadaz beste norbaitekin partekatzeko aukera izatea. Eta, hain zuzen ere, irakurketa-klubak horretarako aukera ematen digu. Bestetik, bereziki aberasgarria da besteen begietatik testu berari begiratzea, norberak ikusi ez eta besteek ikusi duten horri erreparatzea. Taldekideei entzundakotik bigarren irakurraldi bat egitea da".

Eukene Gurrutxaga (irakurlea): "Umeen irakurketa-klubean hartu nuen gozatuagatik animatu nintzen izena ematera. Eta, egia esan, esperientzia ederra izan da. Ikaskuntza handi bat ere izan da ikustea liburu bera zenbat modutara irakur eta uler daitekeen. Miragarria da sortzen den giroa; miragarria, segurutzat eman duzun hori zalantzan jartzea beste batek esandakoak entzunda, edo alderantziz.  Idazkuntzaz eta idazleez ere asko ikasi dut, eta bestela irakurriko ez nituzkeen liburu asko irakurri ditut".

Amaia Lopetegi (irakurlea): "Idazle-irakurle harremana mugatua da, nork bere bizipenetatik interpretatzen duelako irakurtzen duena. Irakurketa-klubeko lagunen bidez interpretazioak ugaritu egiten dira, argitu egiten dira zati ilunak, aberastu egiten da guztia, adin askotariko kideen azalpenen bidez. Dinamizatzaileak liburua eta idazlea testuinguruan kokatzen ditu, dena ulergarriago egiteko. Horrela, borobildu egiten da esperientzia. Luxua da Mendaron irakurketa-kluba izatea; irrikan egoten naiz eguna iristeko".

Irati Mendikute (irakurlea): "Bestela aukerarik emango ez nien liburuei aukera bat eman eta idazle berriak ezagutzeko eman nuen izena, bereziki, bai eta euskaraz gehiago irakurtzeko ere, gaztelaniazko modako liburuak irakurtzeko joera nuelako. Eta, egia esan, oso lagungarria izan zait irakurketa-kluba horretarako guztirako. Era berean, oso aberasgarria egin zait liburu beraren inguruan beste batzuekin tertulian aritzea. Asko ikasi dut".

Iñaki Goitia (liburuzaina): "Irakurketaren ariketa bera adimena intelektualki estimulatzeko eta pentsamendu kritikoan sakontzeko jarduera aberasgarria bada, irakurketa-klubean sortzen den komunitate batean egiteak aberastasun hori are gehiago indartzen du. Beste irakurleek obra bakoitzean idazleak esan duenaren inguruko interpretazioan hausnartzeko aukera ematen digu, baita idazleak bete gabe utzi dituen hutsune horiek betetzeko aukera ere; esan ez dena esan dena baino garrantzitsuagoa da askotan, irakurlea ere liburuaren egile bihurtzen baita horrela".