Plaza, AP-8 autobideak baztertu eta ahanzturara kondenatutako auzoa

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 12a

AP-8 autobidea eraikitzeko, zazpi etxe eraitsi zituzten Plazan. Guztira, hemezortzi familia etxegabetu zituzten, eta apaldu egin zen ordura arte bizi-bizia zen auzoko txilimala. Orduko memoriak dakartza 'Oroitzapenen kutxatik' ikus-entzunezkoak

Auzo bizia izan zen garai batean Plaza, baina porlanak azpian hartu zuen auzo erdi, duela 53-55 bat urte, garapenaren izenean. 1967an hasi ziren Bilbo eta Behobia batuko zituen AP-8 ordainpeko errepidea eraikitzen Gipuzkoan, eta 1970-1971 aldera jaso zituzten lehenengo desjabetze-aginduak Plaza auzoko bizilagunek. Hasierako proiektua beste bat bazen ere, obra-hondakinak beste nonbaitera eramateak obra asko garestitzen zuela arrazoituta, etxeak hustera behartu zituzten Plaza beheko hemezortzi familia, eta eraitsi egin zituzten haien etxebizitzak, bai eta zenbait familia-negozio ere; tartean, errota bat, zerrategi bat, bi taberna eta bi denda. Edadetuak ziren etxegabetu zituzten haietako asko, eta negar egin zuen auzo oso batek, baina isilean. Txikizio handia izanagatik, ez zen gaur besteko zaratarik sortu desjabetze haien inguruan, eta ez zuten gaur jasoko luketena besteko elkartasunik ere jaso orduko bizilagunek. "Diktadura garaiak ziren", zehaztu du Jose Antonio Mendikutek, Andikoetxe baserriko semeak. 

Mendikute bera da Plaza auzoa. Oroitzapenen kutxatik bideoko sei elkarrizketatuetako bat. Harekin batera Plazan sortu eta hazitakoak dira beste lau –Silberio Txurruka, Miguel Mendikute, Juani Iriondo eta Jesus Mari Mendikute–, eta Martitenea Txiki –Txurrukanea– baserrira ezkondutakoa da bosgarrena, Juanita Ugarteburu (Milloi, Berriatua, 1940). Joan den ostiralean proiektatu zuen In Leike kultur elkarteak ikus-entzunezkoa, eta udaletxeko udalbatza-aretoa bete egin zen emanaldirako. Hantxe ziren Plaza auzoa ahanzturatik argitara ekarri duten elkarrizketatuetako lau ere, pozik eta, aldi berean, hunkituta.

Etxegabetu zutenetako bat izan zen Juanita Iriondo. 16 urte zituela eraitsi zuten haren jaiotetxea: Lazkano. Plazan, erdialdera zegoen Lazkano, hiru bizitzako eraikina –Kimuku eta Maltzaga deitzen zieten beste biei–, eta, hura ez ezik, handik beherako guztiak ere bota zituzten: Mitxelene, Etxeberri, Artzubi, Aizkoltxo, Beheko Errota eta Belortzaki Behekoa; guztira, hemezortzi bizitza. "Orduan, denda, taberna eta ezer gabe gelditu zen auzoa", gogora ekarri du Miguel Mendikutek, Jangoa baserrikoak. Zortekoak izan ziren eurak, inguruko lurrak-eta galdu zituzten arren etxea zutik mantendu ahal izan zutelako. Gaur, Iturriondo, Txurrukanea, Errementarikoa, Eperkoa, Jangoa, Andikoetxe, Artañola, Errebidekoa eta Arogei dira Plazan dauden baserriak, eta Arogein ez beste guztietan bizi da jendea. 

Oso bestelakoa zen Plaza

Gaurko trazarik ez zuen, beraz, sasoi bateko Plazak. Hasteko, bi errota zeuden: Artañola eta Beheko Errota, eta bertara jotzen zuten auzotarrek artoa irinarekin trukatzera. "Ostiralero etortzen ziren herriko andreak irin-fabrikatik, asto gainean arto-zakuak hartuta, artoa ehotzera. Falta dira gaur, baina errota batetik besterako ur-kanalaren arrastoak ikusgai daude oraindik, belarrez estalita bada ere. Artañola eta Errebidekoa etxeen tarte hartan zegoen presatik hartzen zuen ura Artañolako errotak, eta ur haren indarrak berak eragiten zion Beheko Errotako gurpilari, errotarriak lanean jartzeko. Ez zen, hura, baina, orduko negozio bakarra Plazan: Mitxelene etxearen ondoan, errepidea jotzen, zerrategia ere bazegoen, eta beheragoan, gaur Kurutz-gain industrialdea dagoen inguru hartan, zentrala ere bai. Debako trekutarrak ziren zentraleko jabe, eta Mendaroko Granja baserriko Juan Mari Iriondo izan zen urte askoan hango arduradun. Trekutarrek ematen zioten argia Plaza auzoari, baina "eskasa", Iriondo saiatzen baldin bazen ere urak handi zetozenean herrikideei argi hobea ematen. Duela 70 bat urte iritsi zen argindarra Plaza auzora, baina ordura arte karburo- eta kandela-argia erabiltzen zituzten etxeetan. "Argi eskasa izaten genuen etxean, eta arazoak sortzen zirenean ere inor ez zen kargu egiten. Gu geu ibiltzen ginen lasto-alanbrearekin etenak konpontzen. Lasto-fardoak lotzeko erabiltzen zen alanbrea erabiltzen genuen gaurko kobrezko kablearen ordez", azaldu du Silberio Txurrukak. Edozelan ere, trekutarren zentral hari lotuta badira mila kontu, lerro gutxitan aletu ezin direnak. Hiru ekarriko ditugu hona.

Zentralak funtziona zezan, Deba ibaian zegoen presari lotutakoak dira bideoan aipatzen direnetako batzuk. Aingeru Guardako ermitaren pare hartan zegoen presa, eta hantxe ibiltzen ziren aingiratan auzokoak, txanaletik. Arrantzarako ez eze, garraiorako ere erabiltzen zituzten txanalak ibaiaz beste aldera bizi ziren Igartualdeko baserrietakoek eta. Bost-sei txanal izaten zirela ekarri dute gogora Silberio Txurrukak eta Miguel Mendikutek. "Juan Jose Arrieta Pajaro-k sortutakoak ziren gehienak", esan dute. "Bide aldrebesa zuten Igartukoek, eta, buelta osoa ez ematearren, txanala hartzen zuten Plazan, bazkaltzera etxera joateko. Haietako bat, Igartu Berrikoak, eskapada egin zuen ibaia hazi-hazita zetorren baten. Urak eraman zuen, eta ozta-ozta salbatu zen, sasi artean katigatuta. Txanala urak eraman zuen ibaian behera".  

Argia sortzen hasi aurretik, zentral hark beste bizi bat izan zuela ere gutxik dakite gaur. Baina hantxe izan zuen egoitza bizarra kentzeko xaflak egiten zituen El Fenix enpresak, Estatu mailan publizitatea egiten hasi zen lehenengo enpresetako bat izan zenak –gaur, oraindik ere, ikusgai dago iragarki bat Mendaroko Azpilgoeta auzoan–. Plazan Iberduero sartu zenean itxi zuten zentrala, eta eraikin hartan bertan zabaldu zuten gero Yurrita antxoa-fabrika. Uda sasoian, mendaroar askori ematen zien lana Yurritak. Han lan egindakoak dira, mutil koskorretan, Miguel Mendikute eta Jesus Mari Mendikute ere, bai eta Juanita Ugarteburu ere, ezkonberritan. "10-12 bat urterekin hasten ginen han lanean, antxoei buruak kentzen. Mendarotik ere emakume asko etortzen ziren lanera", esan du Jesus Marik. 

Errotez eta zentralaz gain, zerrategi bat, harrobi bat, bizikletak konpontzeko tailer bat –Larrea anaiena–, zestogileen tailerra eta eskopetagintzan aritzen zirenen tailerrak ere baziren. Baita bi denda eta bi taberna ere- Intxusai zabaldu aurretik-. Dolores Sorazuk zabaldu zuen estreinako denda, gero Leonor Barrerasek hartu zuena, eta Kimukunekoan zabaldu zuten bigarren denda gero. Tabernak ere bi izan ziren sasoi baten: bata, Kimukunekoan, denda itxi ondoren zabaldu zutena, eta bestea, Aizkoltxon, larreatarren tailerra itxi ondoren zabaldu zutena: Otxoa. Eta haietan egin ohi zituzten erromeriak. "Hiru erromeria ere egin ziren urte baten". 

Aingeru Guardako jaiak

Aingeru Guardakoa dute patroi Plaza auzokoek, eta martxoaren 1aren bueltan ospatu ohi dituzte jaiak. Punta-puntako jaiak izaten zirela aipatu dute. "Garaiko bertsolari onenak etortzen ziren hona: Basarri, Uztapide...", esan du, horren harira, Miguel Mendikutek. "Erromeriarako argi falta izaten zen traba handiena, baina egiten ziren auzoko tabernetan eta harrobian, instrumentuek eurek sortzen zuten soinuarekin, aparteko laguntzarik gabe". 2008an, Plaza auzoan jaiotakoen ondorengoek bizitu zituzten jaiak, eta, geroztik, haiek antolatzen dituzte, Silberio Txurrukaren laguntzarekin eta Udalaren babesarekin. Aingeru Guarda ermita inguruan izaten dira ospakizunak; hain zuzen ere, 1988ko uholdeen ondoren auzolanean berritu zuten ermitaren bueltan. Izan ere, teilaturaino hartu zuen urak Aingeru Guardakoa 1988ko uholdeetan, eta Angel Bazterretxea abadeak deituta egindako bilera baten erabaki zuten hura bota eta berria egitea. Lehengo ermita zaharrak errepide nagusira begira zuen sarrera, hiruzpalau maila behera eginda; gaurkoa, berriz, Altzola aldera begira dago.

Zerrategi bat, errota bat, bi denda eta bi taberna ere bota zituzten AP-8ko lanengatik

 

Presape eta Paraiso

Min handia egin dute uholdeek Mendaron, bereziki, Garagartza auzoan, baina, aldi berean, ura da Mendarok duen baliorik handiena. Eta Plaza auzoak badu iturburu bat aipamen berezia merezi duena. Andikoetxe baserritik 50 bat metrora dago iturburu hura, metal-ura ematen duena. Garai batean, zer esanik ez ura etxeetara iritsi aurretik, auzotar guztiek hartzen zuten handik edateko ura txanbiletan, eta bestelakoetarako Intxusai errekara jotzen zuten, bai arropak garbitzera, bai bainua hartzera. Igeri egiten ere errekan gora ikasi zuten gehienek, Presapen. Presa zahar baten hondakinetan egindako zuloari deitzen zioten Presape. Amuarrainek errekan gora egin zezaten eraitsi zuten presa, eta haraxe joaten ziren auzotarrak ez eze Altzolako apaizgaiak ere, aisialdian. Goraxeago, mutrikuarrek sortutako beste presa baten bueltan sortu zen zabalgune bati Paraiso deitu izan diote gerora gazteagoek. Hain zuzen, presa sortu zuten Mendarotik Mutrikura ura eramateko, eta mendaroarrentzako aisialdigune gogokoena izan zen udan urte askoan.