Amagoia Basurtok irabazi du Mendaroko santanetako kartel lehiaketa

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 19a

Amagoia Basurto epaile lanak egin dituen Aitor Etxeberria margolariarekin.

Gaur iluntzean egin dute Mendaron santanetako kartel lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Guztira, hamabost lan aurkeztu dira lehiaketara, eta Amagoia Basurtoren diseiniua saritu du epaimahaiak.

Ekitaldi berean banatu dituzte gaur Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sariak eta Santanetako Kartel Lehiaketakoak, udaletxeko udalbatza-aretoan. Dorleta Lazarobaster zinegotziak egin ditu aurkezpen-lanak batean, eta Ainhoa Urbieta In Leike kultur elkarteko kideak bestean. Lazarobasterrek argitu du hamabost lan aurkeztu direla kartel lehiaketara eta Aitor Etxeberria eta Jaime Zamakola margolariek egin dituztela epaile lanak. Epaimahaiak Basurtoren lana nabarmendu du, eta irabazleak berak eman ditu kartelaren inguruko argibideak. Aurten jaietarako banderatxoak josi dituzten Josi ta Josi taldekoak izan ditu gogoan Basurtok eskuz egindako diseinuan. Irudian, banderatxoekin egindako zurrunbilo baten erdian, Santa Ana ermita ageri da, eta han goian, Katasorgina, banderatxoak eskegitzen. 300 euroko saria eskuratu du irabazleak.