Unai Mendizabal Jauregik irabazi du Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sari nagusia

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 19a

Unai Mendizabal Jauregi zizurkildarrak irabazi du Mendaron banatu duten Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sari nagusia, AHTren obrek eragindako txikizioari eskainitako bertso-sortarekin.

Gaur iluntzean banatu dituzte Mendaron Udalak eta In Leike kultur elkarteak antolatutako Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sariak. Hiru kategoria ziren guztira, eta orotara, 112 lan jaso dituzte: 98, A kategorian; 2, B kategorian; eta 12, C kategorian, kategoria nagusian. Epaimahaia honako bertsolariek osatu dute: Amaia Agirrek, Mikel Arrillagak eta Irune Basagoitik.

C kategorian

Kategoria nagusian Unai Mendizabal Jauregiren Abiadura handiko txikizioa bertso-sorta nabarmendu du epaimahaiak. Epaimahaikoen ustez, "oso bertso ederrak" dira, ahozkotasunetik asko dutenak. "Oso erraz sartzen dira belarrira, eta melodia eta gozotasun handikoak dira. Behartu gabeko punturik ez du, eta hori da sorta batek duen zailtasunik handiena. Antzematen da gertuko gaia duela. Nabari da abiadura handiko trenaren obra eta txikizioak larrutik bizi izan dituela. Buruan ibili eta paperera ekarritako bertso sorta bat dirudi, garai batean bertsolari askok egiten zuten moduan. Maisu lan bat", nabarmendu dute epaimahaikideek. Garaikurra eta 1.000 euroko saria eskuratu ditu Mendizabalek.

Kategoria nagusian, Ekaitz Goikoetxea Asuabarrena beasaindarrarentzat izan da bigarren saria, garaikurra eta 500 euroko saria. Orain badakizu bertso-sorta da Goikoetxeak aurkeztu duena. Umetan sexu erasoak jasan zituen emakume baten larrutik jarritako bertsoak dira. Hona epaimahaiak haren bertsoez nabarmendu duena: "Oso sorta gordina da, baina hitz jokoz eta literatur baliabidez jantzia eta maila jasoko sorta. Dohai eta abilezia berezia antzematen zaio errimategiari eta puntuen arteko loturari erreparatuta. Hamarreko txikian, molde ertainean baina metrika estuan, gauzak argi eta eder esateko dotorezia da saritu dena".

B kategoria

B kategorian, 2008 eta 2011 urteen jaiotakoek parte hartu dute eta bi lan bakarrik aurkeztu dira lehiaketara. Epaimahaiak, baina, saririk ez ematea ebatzi du.

A kategoria

Kategoria honetan 2012an edo ondoren jaiotakoek parte hartu zezaketen eta 98 lan aurkeztu dira sariketara. Guztien artetik Nora Garate Larrañaga elgoibartarraren Palindromo maitea izenburudun bertso-sorta apartatu du epaimahaiak. Amarenganako miresmena, amarekiko sentitzen duen zorra eta esker ona dira bertso hauetan barnebilten diren zutabeak. Epaimahaiak "errima zaindua eta esamolde bihurrietan ezezik poetikoetan egindako saiakera" saritu dizkio, bai eta bertsotan adierazi duen heldutasuna ere. Garaikurar eta ehun euroko kultura bonoa eskuratu ditu Garatek.

 

A kategoriako bigarren saria Hiart Larrañaga Gonzalez mendaroarrarentzat izan da, Gerra izenburudun sortagatik. Lehenengo bertsoan, lehenengo lerroan, Donald Trumpi zuzentzen zaio bertso egilea. Munduko gerra guztiak amaitzearen aldeko eskaera ozena da sorta. Epaimahaiak bereziki "ideia eta errimen aberastasuna eta kontakizun jarrai eta koherentea" azpimarratu dizkio. Larrañaga falta izan da sari banaketa ekitaldian eta haren lagun Anitz Ezenarrok jaso du saria haren izenean. Garaikurra eta 50 euroko kultura bonoa jaso ditu saridunak.

Kategoria horretan aipamen berezi bat ere izan da, eta Anitz Ezenarro Narbaizak eskuratu du, Amets ahaztezina lanagatik. Bereziki egilearen ideia eta originaltasuna saritu eta goraipatu ditu epaimahaiak.