Peru Bonilla Bidagurenek irabazi du Gipuzkoako Itzuliko Mendaroko etapa, eta Conor Aranburu jarri da lider

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 20a

Peru Bonilla Bidaguren Intxausti-Urabai taldeko txirrindulariak irabazi du gaur Mendaron jokatu duten jubenilen Gipuzkoako Itzuliko lehenengo etapa, esprinean. 2:39:09ko denboran osatu du gaurko ibilbidea, 105 kilometro pasakoa. Irabazlearen denbora bera eginda bigarren sailkatu da Eñaut Saizar Aizpurua (Limousin Oriako), eta Xabier Molinuevo Aranbalza (Ipar Maquina-Dimaq) helmugaratu da hirugarren postuan. Itzuliko sailkapen nagusian Conor Aranburu O'Reilly (Zu eta Biok) jarri da lider.

Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatu du gaurko lasterketa, 105 bat kilometrokoa. Mendarotik irten eta Bergarako Labe Garaietaraino bi itzuli egin dituzte txirrindulariek, eta gero, Kalbario eta Arribinieta gainak igo dituzte Mutrikun. Lasterketa, esprinean erabaki da. Zazpi txirrindulariko taldea elkarrekin helmugaratu da, eta Peru Bonilla Bidaguren izan da zazpietan azkarrena esprinean. Aipatzekoa da Besa-Geminis taldeko Manex Larrañaga Sarriegik egindako denbora ere. Hamahirugarren postuan helmugaratu da, irabazlearengandik hamalau segundora.

Ekipoka, berriz, URT Velo 64 taldekoak izan dira gaur onenak. Erregulartasunaren saria, berriz, etapa irabazi duen mutil berarentzat izan da, Peru Bonilla Bidagurenentzat, eta berak jantzi du mendiko mailota ere. Lehenengo urteko juniorren sailkapena, berriz, gaurko etapakoaren alderantzizkoa izan da. Etapan bigarren egin duen  Eñaut Saizar Aizpurua (Limousin Oriako) sailkatu lehenengo  postuan, eta etapa irabazi duen Peru Bonillak egin du bigarren. 

Gipuzkoako Itzuliko sailkapen nagusia

Atzo aintzinetapa eta gaurko etapa kontuan hartuta, Conor Aranburu O'Relly jarri da lider (2:42:10) -atzo, bederatzigarren sailkatu zen, irabazlearengandik bederatzi segundora-. Bigarren, Eñaut Bilbao Arriaga dago (F2 Informatica), Aranbururengandik bi segundora, eta hirugarren postuan Eñaut Saizar Aizpurua, bigarrenarengandik segundo bakarrera. Sailkapen nagusian hamaikagarren dago, berriz, Elgoibarko Besa-Geminis taldeko Manex Larrañaga Sarriegi, liderrarengandik hamabost segundora.