Arriskuak saihestu eta lehenaz gain plazako auzoak gehiago berotu ez zitezen, surik ez zutela piztuko esana zuten In Leike kultur elkartetik, eta bete zuten esandakoa, arratsaldean kontrakoa pentsatu bazuten ere plazara ikusmiran gerturatu ziren herritar banakek. Han aritu ziren In Leike kultur elkartekoak brigadakoek plazara inguratutako kainabera adar eta bestelako adaxkak ondoren su emateko itxuran jartzen. Baina ez, atzoko sua gezurretakoa zen. Argi-fokuak eta koloretako zelofan orriak ezkutatu zituzten adaxka artean antolatzaileek, gauean argindarrari eman eta su hark magia egin zezan. Gainerakoan, Akelarreak ohiko osagaiak izan zituen.
Trinitaten hasi zuten kalejira ikuskizunean parte hartu zuten guztiek -60 bat lagun-. Garezur bati helduta agertu ziren maskaradun bi umek hasi zuten prozesioa, eta haien atzetik sartu ziren plazan, hartza eta Akerbeltz txikia, danborjoleak, sorginak, intxisuak, deabru txikiak, eta Mari eta Akerbeltz erraldoiak. Plazara sartzeaz bat, Satur eta Lisbeth Roteta izeba-ilobek irrintzika hartu zituzten parte-hartzaileak, jaia hastear zela iradokiz. Txalaparta doinuak entzun ziren gero, eta In Leike kultur elkarteko Ainhoa Urbietak egin zuen atarikoa. Udako solstizioa ospatzeko usadioaz aritu zitzaien Urbieta herritarrei, San Joan bezperako gauaz eta haren magiaz, eta hartz handi bat azaldu zen jende artetik gero, Mendaroko haurren ametsez betetako kutxa eskuan zuela. Txoko Txiki ekimenean haurrek eta familiek idatzitako ametsak zekartzan kutxan eta eraman zuen su ondora, Amagoia Basurto artistak propio atzorako sortutako maskarak zeramatzaten bi dantzarik. Atzo ez zen haiei su emateko eguna, baina hantxe utzi zuten kutxatxoa ikuskizunak iraun zuen tartean.
Buruarinak sartu ziren ondoren plazan, erratz txiki bana eskuan hartuta, eta hantxe ibili ziren publikoa erratzekin xaxatzen, hara-hona kalejiran. Ondoren, Mendaroko euskal dantzako dantzari txikiek Gu sorginak gara kantuaren erritmora dantzatu ziren eta Akelarrean klasiko bihurtu den Xabier Solanoren Erre zenituzten sorginak dantzatu zuen gero beste talde handi batek. Mendaroko Gazteak dantza taldeko dantzari helduek ere egin zuten bere saioa. Bidartarrak jauzia eta Oihuka dantzatu zituzten, eta iritsi zen sua pizteko ordua. Dantzari kuadrilla handi bat gerturatu zen su ondora, argi-zuziak eskuan hartuta eta egin zuten sua pizteko keinua. Makurtu ziren su ondora eta egin zen bart gaueko magia. Itzali ziren plazako argi guztiak eta piztu zen sua herritarren harridura oihu eta txalo zaparrada artean. Plaza osoa ilunpetan zela irten ziren plazara Mari eta Akerbeltz erraldoiak eta dantzatu ziren ilargipean, Akelarrea kalejira batekin amaitzeko.