Ultrimad 515 iraupen luzeko triatloia irabazi du Iraitz Ferreirak

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 6a

Handia egiteko asmoz joan zela idatzi genuen barikuan eta handia eginda itzuliko da gaur Madrildik Iraitz Ferreira (Mendaro, 1996). Ultrimad 515 iraupen luzeko triatloia jokatu eta irabazi egin du asteburuan, 40 gradutik gorako tenperaturarekin. 10 kilometro egin ditu igerian, 421 kilometro bizikletaz eta 84 kilometro korrika. Argazkiak eta bideoak: Josune Manteca.

Ostiralean abiatu zen Mendarotik, laguntzaile-lanak egitera joan zitzaizkion lau lagunekin batera. Josune Manteca bikotekidea, Alain Zulaika kuadrillakidea eta Mikel Lasa lankidea aukeratu zituen laguntzailetzat, baina Jon Iñaki aita ere gerturatu zitzaion, ahal zuenean laguntzera, dena behar baita, iraupen eta zailtasun maila hauetako probetan. Eta jakina, proba irabazi berritan, haiek guztiak izan ditu gogoan Ferreirak: "Taldekideen laguntzarik gabe ezingo nukeen zorakeria hau bukatu. 40 gradutik gorako tenperaturak markatzen zituen uneoro termometroak, eta atzetik auto bat izan ez banu hamar minutuan behin-edo ura emateko eta botatzeko, seguru nago ezingo nukeela gainditu".

Hiru eguneko proba izan da, eta egun bakoitzean hamabi ordu izan dituzte gehienez eguneko lanak amaitzeko. Lehenengo egunak bi sektore izan zituen: 10 kilometro osatu zituzten igerian lehenengo, eta 145 kilometro gero bizikletan -2.300 metroko desnibela-, eta bietan gailendu zen mendaroarra. Aurretik ere esana zuen igerian moldatzen zela ondoen, eta hantxe atera zien errentarik handiena aurkariei. "Erritmo erosoan egin nuen igerian,  balarik galdu gabe, bizikletan irten behar nintzelako gero eta oraindik bi egun gelditzen zitzaizkidalako. Fresko irten nintzen uretatik eta aldea kendu nien besteei. Bizikletan, gero, lasai abiatu nintzen, biharamunerako indarrak gordetzen, baina bero handia egiten zuen, eta nahi baino estuago ibili ginen denok ere".

Gorriak ikusita

Zapatukoa izan zuten etapa erregina. "Beldur handia genion denok ere etapa hari". 280 kilometro egin behar izan zituzten bizikletaz ibilbide gogorrean, bero sapa handiarekin. 4.400 metroko desnibela gainditu zuten mendate pikoetan gora eta behera ibilita, eta bigarren egun honetan ere bera izan zen garaile, gorriak ikusita. "Uste dut lehenengo egunean ez nintzela ondo lehortu uretatik irtetean, eta garesti ordaindu nuen. Bigarren eguneko etapan aulkian jarri ezinda egin nituen lehenengo 130 bat kilometro. Azkenean, ipurtaldea compeedez josi, bigarren kulote bat moztu, haren babesgarria bestearen gainetik jarri, eta modu horretan egin nuen aurrera, baina hobeto. Banekien azkeneko 80 bat kilometroak erdi-lauan zirela, eta azkeneko mendatean, gainera, aurrea hartu nion lehenengo zihoanari. Berak behera egin zuen psikologikoki, eta nik, berriz, behetik gora". 11 ordu eta 59 minutu behar izan zituen proba osatzeko. Berez, hamabi orduko tartea eman zuten bigarren egunerako ere gehienez, baina egiten zuen bero handia ikusita, antolatzaileek 13 ordura luzatu zuten gehienezko denbora.

Atzo, igandea, berriz, bi maratoi osatu zituzten korrika, 84 kilometro guztira, Madril erdigunean. Azkena hasi zen lasterka, "lasai", eta lehenengo bosten artean egin zituen lehenengo 42 bat kilometroak. "42. kilometro inguruan indartsu sentitzen nintzen eta 50. kilometroa egin aurretik laga nituen denak atzera. Gustura ari nintzen, eta esango nuke 70.kilometro aldera arte, nolabait, disfrutatu egin nuela. Musika entzunez egin nuen bidea, kantuan, eta jendearen animo artean. 17 kilometroko zirkuituan ibili ginen bueltaka, eta nahi nuke aipatu taldekideek eman zidaten laguntza eta babesa. Alainek 51 kilometro egin zituen bizikletan nire ondoan, Mikelek 12 bat kilometro egin zituen nire ondoan korrika eta beste batzuk bizikletaz, eta Josune han izan nuen behar nuen guztian ura, izotza, eta jatekoa ematen".

Ezusteko mingarria

Ezustekorik gabe ere, ezin amaitu, baina, halako proba bat. "Zirkuituari bost buelta eman behar zitzaizkiola esan zuten antolatzaileek eta haiek markatu zuten dena, baina azkeneko hogei kilometroren faltan esan ziguten bost bueltak osatuta, ez ginela 84 kilometrora iristen, eta beraz, helmuga zegoen lekutik pasatzean beste bi kilometro gehiago egin behar genituela. Sekulako mina egin zidan horrek psikologikoki, broma gutxitarako nengoelako, gorputz osoa minduta, eta orain, barrez diotsut,  baina momentuan oso gogorra egin zitzagun". Hala ere, irabazi egin zuen Iraitz Ferreirak, eta hamar bat minutuko aldea kendu zion, gainera, bigarren sailkatuari.

Esperientzia "bikaina"

"Dena primeran irten da eta topatu dugun giroa oso berezia izan da. Estatutik kanpoko parte-hartzaileak izan dira asko, eta oso giro ona izan dugu gure artean.  Besteen taldekideak ere hor egon dira uneoro animoak ematen eta behar genuenean laguntzen. Hotelean ere, elkarrekin egin ditugu otordu guztiak, eta beste lasterketetan sortzen ez den giroa sortu da gure artean", nabarmendu du Madrildik bertatik egindako adierazpenetan. Gustura itzuli dira haren taldekideak ere lagunak egindako baletria ikusita. "Gu geu ere errebentatuta goaz etxera. Hiru egun egin ditugu proban 37 gradutik gorako tenperaturekin", esan du Alain Zulaikak.