Kuadrillakoen agur beroa jaso du Unai Ayala atezain mendaroarrak, Salamancak fitxatu berritan

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 6a

Unai Ayala bere kuadrillakoekin zapatu goizean, Mendaron. Arg.: Ayalaren kuadrilla

Bigarren Rfef mailako Salamanca taldeak fitxatu du Unai Ayala Cornejo (Mendaro, 2004), SD Eibar B taldeko atezain mendaroarra. Denboraldi baterako fitxatu dute, eta zapatuan, ezusteko ederra eman zioten kuadrillakideek.

SD Eibar B taldearekin izan du kontratua oraintsu arte Ayalak, baina Eibarren lehenengo taldearekin entrenatzen aritu da egunerokoan. Datozen denboraldian, baina, Iker Muniain Athleticeko jokalari ohiak zuzendutako Salamanca taldean arituko da.

"Etxetik kanpo arituko naizen lehenengo aldia da, eta errespetu pixkat ematen du horrek, baina salto bat emateko gogoa neukan eta uste dut Salamancara joanda pauso hori emango dudala. Salamanca talde historikoa da, nahiz eta orain ez dagoen bere  momenturik onenean, baina niretzat aukera ona da. Egia esan, gogo handiarekin nago hasteko. Presio puntu bat ere badaukat, taldeak jartzen diguna. Ez digute helburu jakin bat zehaztu, baina esango nuke mailaz igotzea izango dela datorren denboraldirako helburua. Ni neu ilusioz nago abentura berri hau nola irteten den ikusteko", adierazi digu jokalariak, zapatuko agurraz galdezka deitu diogunean. Izan ere, zapatuan nekez ahaztuko duen agurra egin zioten kuadrillako lagunek Mendaron. "Nik ez nekien ezer, ez nuen inondik inora espero, eta flipatu egin nuen. Goizean, bizikletan ibiltzera irten nintzen lagun batzuekin, eta itzuli nintzenean deitu zidaten poteora irten behar nuela esanez. Irten nintzen, eta han agertu zitzaizkidan pankarta handi batekin, bengalekin.... Gero aitortu zidaten aste osoa ibili zirela prestatzen, pankarta eta abarrak egiten, eta egia esan, sekulako lana hartu dute", esan du horren harira.

Ayalak aitortu du bazuela joan aurretik lagunekin afariren bat egitea buruan, baina lagunek aurrea hartu diotela. Iraileko lehenengo astean hasiko dute liga bigarren Rfef mailan, eta denboraldiaurreari uztailaren 27an ekingo diote Salamancan, Mendaron Santa Ana jaiak bukatu biharamunean. Alde horretatik ere zorionekoa da mendaroarra, futbol jokalari profesionala izanda nekez izan duelako herriko jaiez nahi beste gozatzeko aukerarik. "Hemen, Eibarren, beti hasi dugu aurretik denboraldiaurrea eta aurten ere aste honetan bertan hasiko dute. Ni, baina, oporretan nago jaiak pasatu arte. Ez dut aspaldi halakorik izan. Dena borobil.  Salamanca hiru ordu eta erdira dago hemendik Google maps-en arabera, eta alde horretatik ere pozik nago, ez dagoelako etxetik hain urruti, lagunak-eta etortzeko", esan du.