Lehenengo urteko ikaslea da Eneko Gonzalez, baina ez dirudi gaizki ematen zaionik animazioaren kontu hau. 3D Animazioa eta Ikus-Entzunezkoak gradua egiten dihardu eta eskolan urte osoan egindako lanaren aitortza jaso berri du. Hiru dimentsioko espazio batean mugimendua eta bizia emateko prozesuari deitzen zaio 3D animazioa, eta horretan dihardu: ordenagailu bidezko irudiak erabiliz, pertsonaiak, objektuak eta eszenatokiak sortzen eta modelatzen. Sorkuntza-prozesu horrek hiru fase ditu: modelatua, animazioa bera eta errenderizazioa, eta horixe ikasten dute bere graduan.
Bi lanengatik nabarmendu dute mendaroarra: berak sortutako animazio bategatik, zeinean katu bat ageri den baxua jotzen, eta ziklo ezberdinetako ikasleen artean sortutako laburmetraia bategatik. Laburmetraiaren gai nagusia adimen artifiziala da. Adimen artifizialak poste bati lotuta dauka pertsona bat, preso, eta zehazki adimen artifizial horren aurpegia da berak sortu duena, 3D animazioa erabilita. Bistan da gustuko duela oso mundu hau, eta aitortu du etorkizunean horretan jardun nahiko lukeela. Momentuan, sare sozialetan dituen kontuetara igotzen ditu berak egindako lanak eta horretan jarri nahi luke indar gehiago, aspaldian ikaskeketak direla-eta "abandonatu xamar" izan dituelako. Dena den, gustatuko litzaioke laburmetraiaren bat sortzea ere teknika hau erabilita. "Egia esan oso gustura ari naiz eta pozten naiz ikasketa hauek eta eskola hau aukeratu izanaz. Oso irakasle onak dauzkagu, lan handia egiten ari dira gurekin, eta ni neu pozarren nago", esan du.