Balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek Alternative Forest jaiaz

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 8a

Bi neska, dantzan, Ospas-gainen. Arg.: Antolatzaileek lagatakoa.

Tekno musikaren zale direnen topagune izan da asteburuan Mendaroko Ospas-gaingo laugunea. House, elektro eta tekno musika jartzaile handiak bildu dituzte antolatzaileek, eta pozik agertu dira jaialdiak izan duen harrerarekin.

Elgoibarko Alternative Division elkarte kulturalak antolatu du, Mendaroko Udalaren laguntzarekin, abangoardiako musika elektronikoa sustatzeko helburuarekin. Bigarren urtez egin dute Mendaron,  baina lekua aldatu egin dute aurten. Iaz, Santa Kurutzeko parkean egin zutena aurten garai batean Kilimon futbol taldearen zelaia izan zenean egin dute, Ospas-gainen. Hamaika disko-jartzaile aritu ziren bi musika jartzen, asko nazioartekoak, eta publikoa bera ere anitza izan zen, antolatzaileen esanetan. "Jende ugari batu gara, asko eta asko kanpokoak, eta oso giro onean joan da. Dena primeran irten da", aipatu dute.

Euskal Herrikoak bertako zaleak, estatuko lurralde askotakoak, eta estatutik kanpokoak ere etorri dira Mendarora asteburuan, eta oso kritika onak utzi dituzte sare sozialetan. Alternative Forest jaialdira igotzeko, garraio zerbitzua ere eskaini zuten antolatzaileek, eta atzera eta aurrera ibili ziren furgonetak jendearen garraioan. Herrigunean bertan ere autokarabana eta furgoneta dezente ikusi dira aparkatuta asteburuan, izan Kilimon etorbidean nahiz industrialdeetan, jendea erruz ibili den erakusgarri. Era honetako jaialdi bat antolatzea lan handia dela esan dute antolatzaileek, baina izan duen harrera ona ikusita, datorren urtekoari heltzeko indartsu daudela nabarmendu dute.