Urtean behingo indusketa aldia hasi dute Agarre kobazuloan, eta aurkikuntzei dagokionez, kanpaina arrakastatsuak ari dira izaten, Alvaro Arrizabalagak aitortu duenez. Bereziki harrizko tresneria eta fauna ari da agertzen. "Pieza garrantzitsuak dira, baina ez oso erabakigarriak kronologia bat proposatzeko. Badakigu kronologia zaharragoetan ari garela, baina ez dakigu zehazki kokatzen", zehaztu du. Kobazulorako sarreratik metro gutxira ari dira lanean, malda dezenteko azalera batean. Azaldu du Agarren topatzen ari diren materiala ikusita, nabarmena dela antzinako gizakiaren bizileku izan zela kobazuloa. "Nomadak ziren, eta hara-hona ibiltzen ziren, baina agerikoa da hemen nahiko egotaldi luzeak egiten zituztela. Dena den, industen ari garen malda honetan bertan bizi izan ote ziren interpretatu nahian ari gara orain. Ez dirudi normalena, ez baita leku erosoa bizitoki izateko, baina baliteke kolapso bat egon izana noizbait hemen behetik igarotzen zen galeriaren batean. Litekeena da haren sabaia erori izana".
BARRENA bisitan izan zen atzo arratsaldean Agarren. Bost lagun topatu genituen han industutako azaleran bistaratu dituzten piezak poltsatxoetan jasotzen, laborategian aztertu eta datatzeko gero. "Agarreko kobazuloa lehen mailako aztarnategia da dagoeneko. Hemen, Mendaron, badaude beste aztarnategi garrantzitsu batzuk ere. Batzuk aztarnategi izendatuak daude, eta beste batzuk bidean dira. Oso gauza interesgarriak ari dira agertzen, baina haitzulo horiek itxi arte diskrezioz jokatu behar da. Nolanahi ere, oso leku garrantzitsua ari da bihurtzen Mendaro arkeologiaren ikuspuntutik. Arkeologian ezin da epe motzera begira hitz egin, baina aurkikuntza oparoak izango diren zalantzarik ez dugu guk geuk".
Agarreko kobazuloa
Mendaroarrek aspalditik dute ezaguna Agarreko kobazuloa, baina aurkikuntza arkeologikoa 1966koa da. Lehenengo indusketak orduan egin zituzten, baina topatutako ezer ez zuten orduan Paleolito garaikotzat hartu. Pentsatu zuten gauza batzuk Brontze Arokoak izan zitezkeela, eta beste batzuk Mesolito garaikoak, baina edozein kasutan, azkeneko izoztaldiaren ostekoak denak. Eta hala gelditu zen kontua, duela zortzi-hamar urtera arte. Orduan, Alvaro Arrizabalagaren ikasle batek Gipuzkoako azagaiak (adarrez egindako lantzapuntak) bildumatu zituen gradu ondorengo lanerako. Gipuzkoako aztarnategietan aurkitutako azagaiak aztertu zituen, eta Agarren topatutako batzuk Paleolito garaikoak izan zitezkeela jaso zuen. Hala, 2018ko martxoa aldera, giltza eskatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundian, berriro kobazulora sartu eta indusketa-lanak planifikatzeko. Era berean, eta paraleloan, beste proiektu bat ere badute zabalik Agarren, labar-arte gehiago topatzeko, agertu izan direlako animalien errepresentazio figuratiboak, duela 25.000 bat urtekoak.
Arte erabilgarriko pieza garrantzitsuak ere agertu dira. Esanguratsuenak zintzilikario bat eta azagai bat dira. Bietako bat, zintzilikarioa, ikusgarria da. Aurrez aurre ikusitako ahuntz baten irudia du, eta hori badakite Madalen aldikoa dela, Madalen aldiko azkeneko fasekoa, Goi Paleolito amaierako kulturakoa beraz.