Santana Jaiak 2026 - Mendaro

36 kuadrillak parte hartuko dute gaur Mendaron paella lehiaketan, eta 535 bazkaltiar batuko dira herri-bazkarian

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 18a

Kuadrilla Eguneko argazki orokorra

Egitarauak barik jendearen jai-gogoak egiten ditu handi santanak, eta aurten ere herritarren parte-hartzea ziurtatuta dago egitarauko ekintza nagusietan. Gaur, esaterako, 535 lagun batuko dira Kuadrilla Eguneko herri-bazkarian.

Kuadrillen Eguna ospatuko dute gaur mendaroarrek, eta aurten badira bi aldaketa nagusi egun honi lotuta, zeresana eman dutenak azken egunotan  herrian: batetik, estreinakoz, Udalak ez duela edari alkoholdunik banatuko gaurko herri-bazkarian; eta, bestetik, kuadrillen gaueko playback lehiaketan 14 urtez gorakoek bakarrik parte hartu ahal izango dutela. Legeari lotuta hartu du lehenengo erabakia Udalak, eta Jai Batzordearen proposamenez bigarrena.

Guztira, 535 pertsona daude izena emanda gaurko bazkarirako –lau herritarretik bat–, eta 36 kuadrilla paella lehiaketarako. Udalak jarriko ditu osagai nagusiak eta 13:00etan hasiko da lehiaketa. Kuadrillek prest-prest izan beharko dituzte beren paellak 14:30erako, orduan hasiko baitira epaimahaikideak paellak dastatzen. Ohi legez, herriko hiru gastronomia elkartetako ordezkariak arituko dira egiteko horretan. Azkeneko bizpahiru urteetan moduan,  sariak banatuko ditu gaur Udalak, baina, horretarako, eguneko hiru ekintza nagusietan parte hartu beharko da: paella lehiaketan (30 puntu), txapel originalenen sariketan (20 puntu) eta playback lehiaketan (40 puntu). 300, 200 eta 100 euroko hiru sari banatuko ditu Udalak.