Santana Jaiak 2026 - Mendaro

140 bat lagunek desfilatuko dute gaur Mendaroko helduen danborradan, eta 50 bat umek haurrenean

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 25a

Bi danborrada izango dira aurten ere Mendaron, biak ere gaur, uztailak 25. Haurrenean apaldu egin da parte-hartzea, eta helduenean, berriz, urtetik urtera ari da hazten. 

Arratsaldez egingo dute haurren danborrada, eta Arno guraso elkartetik jakinarazi dutenez, 50 bat ume daude izena emanda –urtetik urtera, apaltzen ari da kopurua–. Mauxitxa txarangak girotuko du haurren danborrada eta Hiart Larrañaga Gonzalez eta Lander Aranbarri Zubiaurre izango dira danbor-jole eta kupel-jole nagusiak, hurrenez hurren. Banderadunak, berriz, Benja Serra Laurencena eta Maialen Guano Plasencia izango direla jakinarazi du Arno guraso elkarteak. Eguraldi eskasa iragarria dutenez, frontoian egingo dute danborrada, 18:00etan.

140 bat lagunek desfilatuko dute gauez, helduen danborradan

Nagusien danborrada, berriz, indar handia ari da hartzen azkeneko urteetan. Gero eta gazte gehiagok parte hartzen dute, eta aurten 140 bat lagun daude izena emanda; 15-16 urtez gorakoak guztiak. Jende kopuru handiagatik, hirugarren konpainia bat sortu zuten iaz, eta aurten ere hiruk desfilatuko dute: napoleondarren konpainiak, sukaldarienak eta baserritarrenak. Napoleondarrenean Josu Motriko Larrañagak egingo ditu danbor-jole nagusi lanak -21. urtea du aurten-, eta beste bietan Joseba Mendikute Olazabal -30 urte- eta Lisbeth Roteta Salegi -bigarren urtez- izango dira kupel-jole nagusiak -bigarren urtea du-. Aurten, afari-mokadua emango die parte-hartzaile guztiei Udalak, Luzaide jatetxean.