Santana Jaiak 2026 - Mendaro

Erramupean Gararock, jaietan bazterreko den musika erdigunera ekartzeko ahalegina

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 23a

Iaz jaietan antolatu zuten Azpilgoetako Erramupean disko-jartzearen trazara sortu dute Gararock taldekoek Gararock Erramupean ekimena, Udalaren proposamenez. Azpilgoetako Erramu arbolaren azpian egingo dute, etzi, uztailaren 25ean, Santio Egunez, eta herriko hiru disko-jartzaile arituko dira musika jartzen: Axen, Granja eta Ondarra. 19:30ean hasiko da.

"Gararock jaialdian ez bazen, Mendaron nekez entzun daitekeen musikari tokia egingo diogu santanetan". Oier Quirogaren –Dj Ondarra– hitzak dira, Gararock Erramupean ekimenean musika jartzen arituko den disko-jartzaileetako batenak. Iaz Itziarko Mandiope dantzalekuaren gomutan antolatu zuten  Azpilgoetako Erramupean haren trazara sortu dute.

Mandiope dantzalekuaren itzala

Seme-alabak ikastolara eraman nahi zituzten Oikiako (Zumaia), Arroa Goiko (Zestoa), Itziarko eta Mendaroko gurasoek sortu zuten Mandiope, 1977 aldera, dirua biltzeko. Itziarko baserritarren kooperatibaren ukuilua izan zen lokalean zabaldu zuten, eta hainbat etapa izan zituen dantzalekuak. Bi urtez erromeria-leku izan zen, harik eta Jaurlaritza ikastoletako haurrentzako laguntzak ematen hasi zen arte. Gero, 1979tik aurrera, euskal pop-rockari zabaldu zioten atea, eta, ondoren, azkeneko fasean, rock progresiboagori hasi zitzaizkion lekua egiten; Londrestik eta Madrildik zetorren abangoardiako musikari, hain justu ere. Entzute handia hartu zuen orduan; bereziki, orduko eskemetan kabitzen ez zen gazte-jendearen artean. Eta, hain justu ere, iaz, garai hari egin zioten keinu Mendaron. Gazi-gozoa izan zen iazkoa, baina: gozoa, lagunartean ondu zutelako ekimena eta aspaldi ikusi gabeko jendeak elkarrekin egoteko aitzakia paregabea izan zuelako; gazia, berriz, ekimenaren sustatzaile izan zen Jone Gurrutxaga zendu zelako egun hartan bertan. "Egun gogorra izan zen. Zalantza egin genuen egin bai edo ez, baina, Jonek nahiko zukeela pentsatu, eta egin genuen. Aurten ere gogoratuko dugu laguna", esan du Ina Iriondok, Gararock taldekoak. 

Hiru disko-jartzaile

Ekipo berria inguratu dute aurtengo, eta musikazaleek eskertu egingo dute. Herrikoak izango dira disko-jartzaileak: Joseba Olazabal, Asensio Artetxe eta Oier Quiroga; Granja, Asen eta Ondarra izen artistikodunak. Quirogak azaldu duenez, 80ko eta 90eko hamarkadetako new wave, baggy eta post-puntu estiloetako musika jarriko du DJ Asenek, Mendaroko garai bateko Ormola tabernan eta Mandioperen azken fasean oso ohikoak ziren doinuak gogora ekartzeko. Granjak, berriz, 70eko eta 80ko hamarkadetan arrakasta handia sortu zuen disko estiloari helduko dio, eta sortzen den giroari egokituko zaio DJ Ondarra. "Izan daitezke 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako soul, chanson, française, beat edo ye-ye doinuak edota 80ko, 90eko eta 2000ko indie rock, post-punk eta elektronika doinuak", zehaztu du.