Mendaron, Realeko 52 bazkide inguru dira gaur egun, eta gehienek Elgoibarren edo Deban hartzen zuten orain arte autobusa Anoetara joateko, baina ikusita herrian bertan autobusa betetzeko beste bazkide badirela, berriz egin dute eskaera Realera, eta oraingoan, onartu egin diete proposamena. “Bazkide asko gara herrian, eta kopuruak gora egiteko aukera ikusten dugu, gainera, bazkide egiteko zain daudenak ere badirelako. Azkeneko urteetan, gainera, partidu asko gaueko ordutegian jokatu dira, eta behartuta ikusi gara autobusa ez eze, autoa ere hartzera, autobusak uzten gaituen lekutik etxera itzultzeko. Merezi dugula uste dugu, eta hala esan genion Realari, aztertzeko gure egoera. Zorionez, onartu digute eta pozik gaude”, zehaztu dute ekimenaren sustatzaileek.
Denboraldi berrian, beraz, Kurutz-gain industrialdean hartu ahal izango dute Realak Vivetix plataforma bidez kudeatzen duen autobusa, eta bueltakoan ere hantxe utziko ditu. Autobusaren inguruko informazioa zabaltzeko bazkide talde horrek whatsapp talde bat sortu du orain, herrian interesa izan dezaketen pertsonengana iristeko.
