In Leike kultur elkartearen aterkipean sortu zen Josi Ta Josi taldekoek botako dute aurten txupinazoa. Beste jende batekin elkartzeko, esperientziak trukatzeko eta josten ikasteko sortu zuen taldea In Leikek, emakume talde baten proposamenari helduta. "Ikusten genuen profil jakin bateko jendearentzako aisialdi aukerak sortu behar genituela, eta joskintza tailerra aukera ona izan zitekeela iruditu zitzaigun; bereziki, neguko arratsalde ilunetan etxetik irten eta beste jende batekin elkartzeko aitzakia izateko. Bilera bat antolatu genuen, eta etortzeko eskatu genien interesatua egon zitezkeen guztiei. 60 lagun baino gehiago elkartu ginen, eta bildu zirenen ekarpenak entzunda sortu genuen Josi Ta Josi taldea", azaldu du In Leike kultur elkarteko Dorleta Lazarobasterrek. Eta, sentitu, pentsatu eta egin.
Geroztik, asteartero eta asteazkenero elkartu da kuadrilla handi bat udaletxeko hirugarren solairuan, josteko. Hain zuzen ere, talde horretako batzuek josi zituzten iaz Mendaroko Gazteak dantza taldekoen gonak, eta aurten, beste erronka handi bati heldu diote. Martxoaz geroztik, santanetan kaleak apaintzeko erabili ohi diren plastikozko banderatxoen ordezkoak sortzen jardun dute, herritarrek emandako ehunekin. 5.000 bat sortzea jarri zioten helburu beren buruari, eta 7.000 baino gehiago josi dituzte, bi dobletan. Izan ere, ehun guztiek ez dute jauskera bera, eta, banderatxoek gorputz bat izan zezaten, binaka josi dituzte. Trinitateko jaietan erakutsi zituzten haietako batzuk, baselizako aterpeko habeei lotuta, eta Santa Ana jaietan herri osoan izango dira, goietan zintzilik. "Katasorgina jaitsi edo igotzen denean begiratzen dugu jaietan zerurantz, baina aurten beste aitzakia bat ere izango dugu. Ederra izango da norbere etxeko oihal zatia herriko bazterren baten zintzilik ikustea", gehitu du Dorleta Lazarobasterrek, In Leike elkarteko kideak.
Bitxia da. Herri osoa gora begira jarri duen talde hori bera igoko da ekainaren 24ko arratsaldean udaletxeko balkoira, han goitik jaiak hasteko. Bi ez beste guztiak emakumezkoak dira taldean, 55-60 urtez gorakoak gehienak, eta askotariko zereginak bete dituzte: batzuek ehunak mozten jardun dute, bereziki; beste batzuk moztutako ehunen artean ondoen ezkontzen zirenak aukeratu eta bikoteak osatzen aritu dira; eta azkeneko taldetxo batek josi ditu horiek guztiak, josteko makinak erabilita. Eskuz esku aritu dira lanean, hariari hari, guraizez, titarez, ehunez eta hariz betetako mahaien bueltan, jostorratzari bezainbat eraginda mingainari. Lana izan da, lan handia, baina terapia lasaigarria ere bai askorentzat: "Ihesbide bat". Hala aitortu dute santanetarako Udalak argitaratu duen programarako idatzi duten testuan ere. Eurentzat denbora hartu, adin askotariko bizilagunekin elkartu, harremanak sendotu eta elkarrengandik ikasi dutela, eta hori bera esan dute, gutxi-asko, erreportaje honetarako BARRENAk elkarrizketatu dituen hamar lagunek.
Herrigintza helburu
Adin askotariko jendea da. Gazteenek 10 urte dituzte, eta edadetuenak 80 urtetik gora, baina denek hartu dute ondo elkar. Nork bere zeregina izan du proiektu horretan, eta izan da udaletxera joan ezin delako etxetik jardun duenik ere lanean. Hala ere, zaintza-ardurek edo bestelakoek behartuta momenturen batzuetan etxetik aritu behar izan duenak ere sentitu du taldean ari zela lanean, proiektu kolektibo baterako. Banderatxoak sortzeko proiektua ez da-eta udaletxean egindako saioetara mugatu. Herriko eskola-umeek ere parte hartu dute oihalak mozten eta josten. Ekainaren 17an, esaterako, Trinitaten elkartu ziren Josi Ta Josikoak, ikastolako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleekin. In Leikek eta Mendaro Ikastolak antolatu zuten lan-saio hura, lankidetzan, eta gozatu zuten nagusiek zein umeek, elkarren ondoan. Mimoz eman zizkieten argibideak Josi Ta Josikoek haurrei, eta, ezagutza bat mimoz transmititzen den aldiro gertatu ohi den moduan, motibatuta jardun zuten haurrek; haientzat lantegi berria zen.
Esan gabe doa konplizitate handia nabari dela taldekide guztien artean; hala iruditu zitzaigun, behinik behin, ikasturtea agurtzeko In Leike kultur elkartekoek Kilimon elkartean prestatu zieten mokaduaren bueltan egin genuen egotaldian. Hantxe jakinarazi zieten haiek izango zirela aurten txupinazoa botako zutenak, eta harrituta hartu zuten proposamena gehientsuenek, iji eta aja artean. Egindako lan eskergaren ondoan, hutsa da txupina piztu eta balkoitik lau hitz esatea, baina ez dira jendaurrekora emanak, eta estutu egin zituen horrek. Zer esan eta nola egin, jaiak hasi zain daudenei luze iritsi gabe txupinazoa bota aurreko tartea. Horixe izan dute azken egunotako kezka, baina adostu dute, nonbait. Banderatxoak josi dituzten modu berean josi nahi lituzkete harreman-sareak herrian. "Josteak guri eman digun hori nahi genuke Mendarorentzat. Batu elkarrengana, zaindu elkar, gozatu elkarrekin eta bizi jaiak errespetuz", jaso dute idatziz jaietako programan.