Bizi-Pozak hasi du eguna, eguerdiko kalejirarekin, eta txarangakideen atzetik ibili dira herritarrak, saguak Amelingo txistulariaren atzetik nola. Azpilgoetan hasi eta Mendarozabalen bukatu dute txarangakoek kalejira, eta batu dira guztiak ikastolako jolastokira, bazkaritara. Ordurako, kuadrilla bakoitzeko bi-hiruna sukaldari lanean ari ziren, paella lehiaketarako nork paella goxoena egin. Guztira 36 kuadrillak parte hartu dute gaurko paella lehiaketan, eta ordu honetan oraindik nork irabazi duen jakin ez dakigun arren, epaimahaikideek lan zaila izan dutela aitortu dute. Bazkaritara, txapelak jantzita joateko eskaera ere egina zuten Udaletik. Izan ere, gaur banatuko dituzten hiru sari handietako bat jasotzeko aukera izateko baldintza da eguneko hiru lanetan parte hartzea: paella lehiaketan, txapel originalenaren txapelketan eta gauean izango den playback lehiaketan. Ordu honetan, iluntzeko zortzirak pasatxo, Elektrotxufla txarangaren ondorik dira mendaroarrak, giro ezin hobean. Plazan, bitartean, soinu frogetan ari dira Maruxa taldekoak, gauerako prestaketa lanetan, eta isil-isilka playbackerako prestatzen ere ikusi ditugu kuadrilla batzuetako lagunak. Egunak luze joko duen itxura du ordu honetan. Playback lehiaketa, Maruxa taldearen kontzertua eta Mugi Panderoaren erromeria falta dira oraindik. Bada, beraz, zertaz gozatua oraindik Mendaron.