Santana Jaiak 2026 - Mendaro

Jaietan espazio askeak aldarrikatu dituzte Maruxak taldekoek Mendaroko santanetan

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 19a

Kuadrilla Eguna izan zuten atzo Mendaron, eta bideo honetan, gauean Iruñeko Maruxak  LGTBI+ kolektibo eta dantza talde trabestiak emandako kontzertuko ale bat bildu dizuegu. Drag-a eta euskal dantzen iruditeria nahastu, dantza tradizionalaren binarismoa salatu eta bereziki jai herrikoietan espazio askeak aldarrikatu zituzten ohikoa duten moduan, eta dantzan jarri zuten Mendaroko plaza.

Folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berreraikitzeko sortu zuten Maruxak taldea 2019an eta plazaz plaza dabiltza geroztik. Esana dute besteak transformatzeko transformatzen direla eurek, eta maitasun osoz egiten dutela dena, hala sentitzen dutelako. Eta atzo, ikuskizuneko tarte batean ere hala adierazi zuten, aurrez herriko gazte talde batek playback lehiaketan interpretatu zuten kantu baten sortzaile diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei aipamena eginez. Porrotxen berbak gogora ekarriz esan zuten mundu hobeago, politago eta libreago baten sinisten dutelako dabiltzala oholtzan.