Esana genuen bezala, aspaldiko dantzari gehien irten dira gaur plazara; haur eta heldu, 50en bat guztira. Azpilgoetako Kultur Elkartetik hasi eta Herriko Enparantzaraino kalejiran etorri dira dantzariak, Ameikutz musika eskolako trikitilarien atzetik. Iritsi direnerako frontoi bete lagun zuten zain, eta denen artetik bidea eginda sartu dira guztiak frontoira. Aspaldiko dantzari gehien ez ezik, aspaldiko musikari gehien ere batu dira gaurko emanaldian: herrian bertakoak batzuk -Ameikutz musika eskolako ikasleak-, eta gonbidatuak beste batzuk. Trikitia, panderoa, dultzaina, txistua eta biolina zuzenean jo dituzte musikariek eta guztira 16 dantza dantzatu dituzte dantzariek, tartean Arabakoak zenbait. Hain justu ere, arropa berriak estreinatu dituzte dantzariek gaur Arabako dantza horiek dantzatzeko, Leire Arriola eta Maribel Lazarobaster herriko jostunek jositakoak.
Irakasleei omenaldia
Une hunkigarrietarako tarterik ere izan da. Bukaeran, dantzaldia bukatu ondoren, aurten izan dituzten hiru irakasleri aitortza egin diete dantza taldekoek. Lau dantzari izan dituzte aurten, Eider Ansola eta Irati Arantzamendi elgoibartarrak eta Irantzu Agirregabiria eta Maddi Usobiaga mendaroarrak, eta lehenengo hirurek aurten utziko dute taldea. Esker onez, lore-sorta bana eman diete taldekideek.
Egunaren bigarren zatian, 70 urtez gorakoei bazkaltzen eman die Udalak, Aizpe elkartean. Eusko Parrillari eskatua zieten jana eta Aizpe elkarteko zuzendaritzakideek egin dute zerbitzen, ohikoa den eran. Gustura ziren bazkaltiarrak eman dieten zerbitzuarekin, dantzaldirako joan garenean. Arno disko jartzaileak jarri du musika, eta gogotik egin dute dantza bazkaltzera batutako askok. Aukeran, lekua gutxitxo izan dute dantzarako, 94 lagun baino gehiago batu baitira bazkaltzeko, baina moldatu dira. Bazkaritan, eta urtero legean, bazkaltiar edadetuena omendu du Udalak. Aurten, Maria Urretabizkaiak jaso du lore-sorta. Sortzez legorretarra da Urretabizkaia, 93 urte beteak ditu, eta guapa-asko azaldu da bazkaltzera, urteroko legean.