Atzo obra ikuskatzen izan ziren Azpilgoetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde estrategiako diputatu Felix Urkola eta Mendaroko alkate Enetz Ezenarro, teknikoekin batera. Orain arte, errepide bazterrean egon behar izaten zuten autobusaren zain herritarrek Debarantz joateko, bazterbiderik gabeko lekuan, ibaira ematen duen petrilaren kontra, eta jakina, arrisku egoerak sortzen ziren, bai horregatik berarengatik eta baita errepide nagusia gurutzatu behar izaten zutelako ere, zebrabiderik eta bestelakorik gabeko lekuan. Debako noranzkoan, baina, autobusaren zain egoteko espazio zabal bat sortu dute orain, eta beraz, Azpilgoetan autobusa hartzea nahiz handik jaistea seguruagoa izango da orain, bai eta errepidea gurutzatzea ere, trafikoa moteltzeko egindako lanengatik eta oinezkoentzako sortutako argiztatutako pasabideagatik.
Aurrerantzean, beraz, autobus geltoki bana izango dute Azpilgoetan, errepidearen noranzko bakoitzean. Gipuzkoako Foru Aldundiak 153.632,42 euroko inbertsioa egin du horretarako. Horrez gain, Udalak beste 5.878 euro jarri ditu, geltokian markesina jartzeko.
Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak nabarmendu du obra honek erakusten duela zein garrantzitsua den Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko elkarlana herritarren arazoei erantzuna emateko, eta aurrera begira ere, elkarlan horri jarraipena emateko prestutasuna agertu du.